Munduko onenak izateko hautagai dira Kamiñazpiko mural berriak
Bozketan parte hartzeko aukera dago urtarrilaren 31ra bitartean. Beste bi mural egingo dituzte aurten Kamiñazpin.
Ondarroako Kamiñazpi auzoan dauden Sabotaje al montaje artistaren eta DJoelsen lanak hautatu ditu Street Art Cities atariak 2023an egin diren munduko mural onenen artean.
Iaz, 2022ko munduko hirugarren mural onena izan zen Lian muralgilearen Kamiñazpiko lana, zehazki, Ondarroako Udalaren Aire libreko museoa egin eta herriaren izaera horma irudi bilakatzeko helburua duen proiektuaren baitan egindako lehenengo lana. Ostean, 2023an beste bi artelan egin zituzten, erresidentzia artistiko bidez, eta zehazki, biak izan dira onenen arteko sailkapenerako hautatuak.
Street Art Cities atariak munduko 50 mural onenak hautatu ditu eta bertan ageri da Gabriel Arrizabalaga ondarrutar maketagilea islatu zuen DJoelsen lana. Ostera, eragin handiena izan duten lanen sailkapeneko hautagaia da Sabotaje al montaje artistaren lana. Irudi ezberdinak uztartuz, emakumea eta itsasoa ditu hizpide: herria, lana, arrantza mundua eta belaunaldien arteko lotura islatuz. Ondarroako emakumeek itsasoko lanetan eta herrian izan duten eta duten presentzia ukaezinaren erakusgarri.
Udaletik aurreratu dutenez, aurten, beste bi mural egingo dira, ohiko formatuan, erresidentzia artistiko bidez; hamabost egun herrian igaro eta jasotakoagaz herrian oinarritutako lanak egingo dituzte. Horrela, boskotea osatuaz.
Atariak egin du lehenengo aukeraketa, eta orain, herritarrek aukeratuko dituzte haien gustukoenak bozketa bidez. Bozketan parte hartzeko aukera egongo da urtarrilaren 31ra bitartean eta ondorengo urratsak jarraitu behar dira:
- Jaitsi zure mugikorrean Street Art Cities appa.
- Sartu bozketa egiteko atalean (Street Art Awards 2023).
- Aukeratu gustuko lana.
- Amaitzeko, posta elektronikoa idatzi behar da, bozka eman izanaren baieztapena jasotzeko.