Erantzun paregabea izan du Mendexako Gabonetako argazki erakusketak
Antolatzaileak "oso pozik" agertu dira ikusleen aldetik jasotako erantzunagaz: "Sekula baino jende gehiago hurbildu da".
Leixarra Ondarea Babesteko Elkarteak urtero antolatzen duten Mendexako Gabonetako argazki zaharren erakusketak harrera paregabea izan du. Lagun artean gaiaren inguruko argazkien plaza izan da aurtengoa, zehazki, aisialdian oinarritutako 100 argazki egon dira ikusgai .
Elkarteko kideek argitu dutenez 133 lagun inguru pasatu dira erakusketatik eta ikusleek, gainera, interesa erakutsi dute egindako lanaren inguruan: “Oso harrera ona izan du erakusketak. Bereziki arrakasta handia izan du eta sekula baino jende gehiago hurbildu da. Hurbildu izan direnak, gainera, denbora eman dute bertan giro onean, hitz egiten, oroitzen…”.
Ohi legez argazki gehienak 80. hamarkadarainokoak izan dira, baina baten bat bereziagoa eta berriago ere izan dute. Hala ere, argazki ezezagunak izan dira gako: “Aurten, argazki ezezagun batzuk ere erakutsi ahal izan ditugu eta denen arreta lortu dute”. Elkarteko kideak pozik agertu dira izandako erantzunagaz, eta bide batez, datu gehiago jasotzeko aukera izan dute ikusleek emandako informazioagaz.