Ziortza-Bolibarko Udalak Zeinka auzoko saneamendu sarea hobetzeko lanak egingo ditu
Urtarrilean hasi eta ekainerako lanak amaitzea aurreikusten dute. Zeinka auzoko ur beltz guztien isurketak jasotzeko bi hodi biltzaile independente egingo dituzte.
Ziortza-Bolibarko Udalak Zeinka auzoko saneamendu sarea hobetzeko lanak egingo ditu. Zeinka auzoko etxebizitza guztietako ur beltzen isurketak jasotzeko bi hodi biltzaile independente egingo dituzte, gaur egungo egoerara egokituta eta Zeinka-Ziarregi hodi biltzaile nagusira konektatuta.
2013ko uztailean idatzitako saneamendu proiektua dago 2023ko abuztuan idatzitakoaren oinarrian, hainbat aldaketagaz. Urtarrilean lanekin hastea eta ekainean amaitzea espero dute udaleko ordezkariek.
Jatorrizko proiektuak Arta, Zeinka eta Ziarregi auzoetako etxebizitzetako hodi biltzaile indibidualak Bolibar-Iruzubietako hodi biltzaile nagusietara bideratzeko proiektua zen, auzo bakoitza separata batean banatuz. 10 urteren ostean, separatak eguneratu gabe daudenez udalak Zeinka auzoko lanen eguneraketa eskatu zuen.
Kimentz Munitxaren ingeniari taldea arduratu da proiektua berrikusi eta berridazteaz, eta azterketa sakon baten ostean, hainbat hutsune eta akats identifikatu dituzte. Gaur egun, Zeinka auzoko ipar eta hegoaldeko muturretan dauden etxebizitza nahiz baserriek banaka isurtzen dituzte norbere ur beltzak, etxebizitzetatik urrun. Auzoko beste etxebizitza batzuetan, berriz, hainbat etxebizitzetako ur beltzak elkartu, eta herrigunetik urrun dauden puntuetan isurtzen dituzte: isurketa horiek ez dute inolako tratamendurik, eta zuzenean lurrera isurtzen dira. Jatorrizko proiektuak Zeinka auzoan dauden sei etxebizitzetarako baino ez zuen balio, eta beste zazpi etxebitza eta etorkizuneko beste hiru saneamendurik gabe uzten zituen. Proiektu berriagaz, berriz, gaur egun auzoan dauden etxebizitza guztietarako eta planifikatuta dauden guztietarako saneamendu sarea eraikiko dute.
Lanek 254.836,48 euroko kostua dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Europako Funtsak emandako 100.000 euroko diru laguntza baliatuko dute lanetarako.
Lanen zehaztapenak. Azaldu dutenez, 2013ko proiektua topografia eguneratu batekin alderatuz gero, 7 metro baino gehiagoko sakonera duten zangak agertu dira, eta beraz, obraren bolumena ahalik eta gehien gutxitutzeko hainbat berrikusketa eta aldaketa egin behar izan dituzte. Horrekin batera, eta ur beltzak bildu eta bideratuko dituen aparteko sarea eraikitzeaz gain, hainbat lan zehaztu dituzte, besteak beste: saneamendu sarearen zerbitzuaren eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko irtenbideak proposatzea eta hiri zerbitzuak koordinatu eta behin betikoak izango diren obrak egitea etorkizunean lan gehiago egin behar izatea saihesteko.
Horrez gain, arreta berezia jarri dute ingurumenaren jasangarritasunean ere: obran sortuko diren hondakin materialak ahal diren neurrian berrerabiltzeko, eta material birziklatuak eta birziklagarriak erabiltzeko konpromisoa hartu dute, bai eta hondakinak zabortegira garraiatzeko zeharkako inpaktuak gutxitzeko konpromisoa ere.
Kostua. Munitxaren ingeniari taldearen berrikusketa eta berridazketa lanek 18.000 euroko kostua eduki dute. Horrez gain, Munitxaren taldea izango da, hain zuzen ere, zuzendaritza lanak egingo dituena, 17.300 euroko kostuagaz. Abuztuan proiektua idatzi ostean, abenduan lanak aurrera eramateko zortzi enpresa aurkeztu ziren: Bermeosolo enpresari esleitu zizkieten lanak. Udalak adierazi duenez, lanek 254.836,48 euroko kostua dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Europako Funtsak emandako 100.000 euroko diru laguntza baliatuko dute lanetarako.