Geoparkeak ikerketa proiektu bat garatzeko deialdia zabaldu du
Urtarrilaren 30a izango da proiektuak aurkezteko azkenengo eguna. Laguntza, gehienez, 3.500 eurokoa izango da.
Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkeak ikerketa proiektu bat garatzeko deialdia zabaldu du eta urtarrilaren 30a izango da proiektuak aurkezteko azkenengo eguna.
Geoparkeko natura eta kultur ondareari, eta bereziki, ondare geologikoari buruzko ikerketa lanak egiteko laguntza eskaintzen dute urtero. Zehazki, hirugarren aldia da laguntza deialdi irekia egiten dutena ikerketa zientifikoa bultzatzen jarraitzeko. 2022 eta 2023 urteetan bi ikerketa eraman ziren aurrera, Diversidad faunística en los ríos del Geoparque: efecto del aislamiento fluvial, Aitor Larrañagak (EHU) landua eta Konkrezioak Deba eta Mutrikuko Flysch Beltza Taldean: tipologia, eraketa-mekanismoak eta kontrolak Luis Miguez Agirrezabalak (EHU) landua.
Aurten, geologiaz gain, ekologia, natura gune babestuak, historiaurrea, kultura-ondare ukaezina eta itsas ondarea izango dira lehenetsiko diren gaiak. Pertsona fisiko eta juridikoek parte hartu ahalko dute eta eskatzaile bakoitzak gehienez ere bi ikerketa proiektu aurkeztu ahal izango ditu. “Urtebeteko edo bi urteko iraupeneko proiektuak aurkeztu daitezke eta laguntza gehienez 3.500 eurokoa izango da”. Eskaerak Geoparkearen webgunean Zientzia eta Hezkuntza atalean egin daiteke, oinarri arautzaileak eta deialdia, ikerketa deritzon azpiatalean.
Behin eskaera epea igarota Aholkularitza Batzorde Zientifikoaren ordezkari batek, zuzendaritza zientifikoak eta Geoparkearen gerentziak baloratuko dituzte jasotako proiektuak eta Geoparkeen Elkarteko Zuzendaritza batzordeari helaraziko dizkiote.