Herritarrak 'konponbiderako giltza' izan daitezen kalera irteteko deia egin du Sarek
Zapatuan [urtarrilak 13] 16:00etan Bilboko La Casillatik abiatuko da manifestazioa. Bertara joateko autobusak antolatu dituzte eskualdeko hainbat herritan.
Zapatua [urtarrilak 13] aldarrikapen eguna izango da Euskal Herrian. Ate batzuk ixteko eta beste batzuk irekitzeko beharra dagoela azpimarratu du Sarek, eta Konponbiderako Giltza lelopean herritarrei kalera irteteko deia egin diete. Bilboko La Casillatik irtengo da manifestazioa, 16:00etan, euskal preso, errefuxiatu eta deportatuen egoerari irtenbide duin bat emateko eskatzeko. Horretarako giltza euskal gizarteak izan behar duela adierazi dute, “bere erakunde politiko eta judizialen bitartez, preso horiek beren etxeetara nola itzultzen diren erabakiko duen partaide nagusia”.
Sufrimendua “ahaztu edo gutxietsi gabe”, iraganeko minen, gorrotoen eta biolentzien atea itxi behar dela uste dute, eta irmoki salatu dute oraindik ere euskal presoen eskubideak urratuak izaten jarraitzen direla: “Ez da lortu biktima guztiei bidezko tratamendua emateko helburua. Presoek legearen bidea jorratzeko ateak ireki ahala, badirudi ugaritzen ari direla legedia ezartzeko oztopo diren sarraila berriak: salbuespenak giltzarrapo izaten darrai, etxerako ateak itxita jarraitzen du”.
Hala ere, elkarbizitzarako eta koponbiderako giltzak pixkanaka gero eta esku gehiagotan daudela eta horretan jarraitu “nahi eta behar” dutela adierazi dute: “Pertsona guztien motorrak martxan jartzen lagundu nahi dugu: kaleetan, esparru politikoan, sindikalean eta sozialean… hainbeste urtetako konfrontazioaren ondoren gizarte gisa nahi dugun etorkizunari ateak irekitzeko”.
Irtenbideak eta eskubideak aldarrikatuz, ez dutela zigorgabetasuna eskatzen azaldu dute, “zigorrak betetzeko legeak berak eskaintzen dituen aukera desberdinei atea irekitzea baizik”. Elkarbizitzarako, biktimen minen errespeturako eta konponbiderako prest daudela adierazi dute eta hainbat hamarkadetan aplikatu zaizkien salbuespenak “betiko” baztertzeko eskatu dute: “Denok gara aurrera egiteko giltza, jarreretan gotortu gabe, hainbeste urte konfrontazioan iragan ondoren jomuga gizarte gisa irrikatzen dugun etorkizunean jarrita. Herri hau osatzen dugunok elkarbizitza oinarri izango duen etorkizun bat eraiki dezagun”.
Sareren deiagaz bat egin dute eskualdeko hainbat herritan, eta Bilbora joateko autobusak antolatu dituzte:
- Aulesti. Torrezelain, 14:30ean. Izena emateko: Ubila eta Ilunzar.
- Lekeitio. Mandaskan, 14:00etan. Izena emateko: Gallo taberna.
- Markina-Xemein. Autobus geltokian, 14:45ean. Izena emateko: Opela.
- Mutriku. Goiko geltokitik, 14:00etan. Izena emateko: Zubixa.
- Ondarroa. Zaldupen, 14:30ean. Izena emateko: Alai eta Anaita.
- Ziortza-Bolibar. Plazan, 14:30ean. Izena emateko: 608 41 47 48.