Jaka-Mariezkurrena II eta Peña-Albisu "pozik eta gustura" geratu dira aukeratutako materialagaz
Gaur [urtarrilak 10] eguerdian aukeratu dituzte zapatuan [urtarrilak 13] erabiliko dituzten materialak. Zapaturako "gogoz" daude bi bikoteak.
EPELen Eskuz Binakako Txapelketako bederatzigarren jardunaldia jokatuko dute zapatuan [urtarrilak 13] Jaka-Mariezkurrena II eta Peña-Abisu bikoteek, Markina-Xemeingo Uni frontoian. Baikoko lau pilotariak gaur [urtarrilak 10] eguerdian elkartu dira frontoian material aukeraketa egiteko.
Bikote bakoitzak norbere intereseko eta gustuko pilotak aukeratu ditu. Jakak eta Mariezkurrenak aukeratu dute lehenengo, eta “pisu gutxiagoko” pilotak aukeratu dituzte, 104,3, 104,4 eta 104,7 gramokoak: “Erreferentziak desberdinak dira hemen. Distantziak handiagoak izanda ematen du pilotak gutxiago mugitzen direla. Distantzia handiak irekitzen ditugu guk, eta hutsune horiek errematatzeko eta momentua aprobetxatzeko onak diren pilotak aukeratzen saiatu gara”. Peña eta Albisu, berriz, kontrako piloten bila joan dira, eta 105, 106,6 eta 105,1 gramoko pilotak aukeratu dituzte: “Bote askoko piloten bila joan gara. Aukeraketarekin pozik eta gustura gaude, pilota onak izan dira seirak”.
Sailkapenean lehenengo postuan daude Jaka eta Mariezkurrena, jokatutako zortzi partidetatik zazpi irabazita: “Orain artekoarekin pozik eta gustura gaude, zalantzarik gabe. Joko aldetik denetarik eduki dugu, partida hobeak eta txarragoak, baina, garrantzitsuena da partida ez hain on horietan ere lehiatzen jakin dugula, ia guztietan garaipena lortuz”.
Jaka: “Gure aukeraketan konfiantza osoa daukagu, gustura etorriko gara jokatzera”
Peña eta Albisu, berriz, seigarren postuan daude, zortzitik hiru irabazita. Bost puntuko tartea eduki arren, bi bikoteak zapatuan irabazteko gogoz daude: “Zortzigarren puntuaren bila goaz gu. Sailkapenean posizio ezin hobeagoan gaude, baina lehenbailehen ziurtatu nahi dugu gure tokia”. Partida “zaila” aurreikusten dute Jakak eta Mariezkurrenak: “Peña eta Albisu puntuen beharrean daude, eta askotan horrek norbere aldetik gehiago ematera eramaten du. Hala ere, gure aukeraketan konfiantza osoa daukagu, gustura etorriko gara jokatzera”.
Txapelketa hasieran edukitako sentsazioak berreskuratzera irtengo dira kantxara Peña eta Albisu: “Bikote zaila izango da, zalantzarik gabe. Orain arte denetariko sentsazioak eduki ditugu: hasieran ondo hasi ginen, baina, azken partidak galdu egin ditugu. Berriro hasierako sentsasio hori berreskuratu nahi dugu, eta horretan saiatuko gara, ea puntu gehiago lortzerik dugun”.
Batzuk gehiago, beste batzuk gutxiago, baina denek jokatu dute Unin, eta guztiak ados daude frontoia “desberdina” dela esanaz: “Distantziak desberdinak dira, frontoi hau normalean ibiltzen garena baino handiago da. Dimentsioak handiagoak dira alde guztietan eta frontisak ere irteera handia dauka. Normalean ibiltzen garena baino urrutiago jokatzen dugu hemen. Hala ere, laurontzako baldintza berdinak dira, eta ez da inongo aitzakia”. Zapatuko gogoz daude bi bikoteak, eta kantxan euren “onena emateko prest” daude pilotariak.