Markina-Xemeingo Aringa-Aringa Taldeko kide izateko aukera dago
35 kide ditu 2021ean sortu zen taldeak. Otsailaren 1era bitartean zabalik dago taldekide izateko aukera.
Markina-Xemeingo Aringa-Aringa Kirol Klubak ateak zabalik ditu eta taldera batu nahi dutenek horretarako aukera izango dute otsailaren 1era bitartean. “Markina-Xemeingo eta inguruko kirolarientzat edota taldekide izan nahi duen ororentzat taldea irekita dago”. Taldekide izateko interesa dutenek edo informazio gehiago nahi dutenek mxaringaringa@gmail.com helbidera idatzi dezakete.
2021ean herriko hainbat korrikalari elkartuz sortutako taldeak, gaur gaurkoz, 35 kide ditu adin tarte ezberdinetakoak. Denak ala denak, herri lasterketetan, mendi lasterketetan edo mendi trailean aringa-aringa ibiltzen direnak. “Gaur egun 18 urtetik 60 urtera arteko 35 lagun biltzen gara, 18-25 urte bitarteko gazte mordoa tartean”.
Aringa-aringa egiteko gogoa edukitzea, 30 euroko bazkide kuota ordaintzea eta lasterketen antolakuntzan esku bat botatzea dira baldintzak.
Taldearen lan egiteko moduari dagokionez, entrenamenduak elkarrekin egin eta lasterketatara taldean joatea dute ardatz eta whatsapp taldea dute horretarako, “lagun arteko giro ezin hobe baten parte izatea” erdigunean edukita. Gainera, talde moduan lan egiten dutenez, kolore berdinekin parte hartzen dute lasterketetan. “Diru laguntzak lortuz gero, dirua taldeko arropak ordaintzeko erabiliko dugu, eta 2024rako baditugu diru laguntza batzuk”.
Taldekide izateko baldintzak dira aringa-aringa egiteko gogoa edukitzea, 30 euroko bazkide kuota ordaintzea eta lasterketen antolakuntzan esku bat botatzea. Taldeak urtean lau lasterketa eta mendi martxa bat antolatzen baititu: Markina- Xemeingo San Silbestrea, Karmenetako Krosa, Txara Trail eta Txaramotx mendi lasterketak. Horrez gain, Txara martxak ere antolatzen dituzte.