Sahararen Aldeko Elkartasun Karabanarako bilketa egingo dute Ondarroan
Ikastetxeetan eta herriko dendetan egingo dituzte bilketak. Boluntarioak behar dituztela zehaztu dute Yaalah Elkartetik.
Sahararen Aldeko Elkartasun Karabanarako janari bilketa martxan jarriko du Ondarroako Yaalah Elkarteak, udalaren laguntzagaz. Urte hasieragaz batera herri ezberdinetan egingo dira bilketak, Ondarroan martxan jarrita daude jada: “Elkartetik herriko bilketa urtarrilean ekitea erabaki dugu, ahalegin guztiak eginez ahalik eta elikagai gehien biltzeko. Saharar kanpamenduen egoera ez da hobetzen ari. Hortaz, bilketan jasotako guztia ongi etorria izango da”. Bilketaren deialdia orokorra dela zehaztu dute, “denetarik behar da”. Janariaz gain, konpresak biltzearen garrantzia azpimarratu dute.
Urtero egin ohi duten bezala, herriko dendetan eta ikastetxeetan egingo dituzte bilketak. Lehenengo urratsa, ikastetxeetara jotzea izan da, “aurreko bilketetan ere haien laguntza osoa izan baitugu”. Hortaz, asteon martxan egongo da ikastetxeetako bilketa, kutxa handiak eraman dituzte eta ikasle zein gurasoek ekarpena egiteko aukera izango dute. “Lehenengo ahalegina eskoletatik egiten dugu, kutxak jarri ditugu eta mezu bat zabaldu dugu parte hartzea eskatuz. Barikurako guztia bideratuta egongo da” .
Horrez gain, herriko dendetan datorren astean egingo dute bilketa, zehazki, urtarrilaren 19an [barikua], 17:00etatik 20:00etara eta urtarrilaren 20an [zapatua] 10:00etatik 13:00etara. Bilketa egiteko boluntarioak beharko dituztela adierazi dute elkartetik. Hortaz, bat egiteko prest daudenek 615 72 10 57 telefono zenbakira deitu edo elkarteko bategaz jarri daitezke harremanetan.