2,2 miloi euroko aurrekontua izango du Etxebarriak, orain arteko handiena
Aurtengoa "salbuespena" dela azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. Ia atal guztietako diru sailak handitu dituzte, baina, batez ere, Euskarari, Berdintasunari eta mantenimendu lanei dagozkienak.
Guztira, 2.230.514 euroko aurrekontua onartu dute Etxebarrian (1.405.000 eurokoa izan zen 2023ko aurrekontua), EAJren aldeko lau botorekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Jesus Iriondo alkateak adierazi duenez, aurtengoa “inoizko aurrekonturik handiena” da, baina “salbuespena” ere bada.
Izan ere, 2015 eta 2016 urteetan Nemak enpresak lurren berbanaketa bat egin zuen, eta bide publiko batzuk bereganatu zituen: “Berbanaketa haren ordez udalari ia 500.000 euro ordaindu behar izan zizkion. Udalak diru hori beste bide publiko batean erabili behar zuen, eta orain arte diru hori gordeta eduki dugu udalaren intereseko proiektu batean erabili ahal izateko”. Beraz, eskola guneko urbanizazioa eraikitzeko erabiliko dute dirua: “Eskola gunerako diru sailean sartu dugu: 468.421 euro bideratuko ditugu proiektu hori aurrera eramateko. Aurtengoaren ostean, berriro ere ohiko kopuruetara itzuliko gara”.
Euskararen eta berdintasunaren atalak, berriz, 100%eko igoera eduki du. Iaz atal bakoitzeko ekintzak egiteko 4.000 euroko aurrekontua onartu zuten, eta aurtengoan, 8.000 eurokoa izango da: “Ekintzetarako ditugun 8.000 euroez gain, beste 12.000 euro edukiko ditugu teknikarien kostuetarako”. Kulturaren atalean ere igoera “nabarmena” eduki du aurrekontuak, iazkoarekin alderatuz. %60ko igoeragaz, 124.000 euroko diru saila jartzea erabaki dute jaiak eta kultur ekintzak aurrera eramateko.
Horrez gain, guztira 97.700 euroko diru saila edukiko dute herriko talde, elkarte, ludoteka eta gainontzei laguntzak emateko. Amets Elkarteak jasoko du aurrekontu sail handiena: “Amets Elkarteak 10.000 euroko diru laguntza jasoko du. Udalaren bitartez sortutako elkarte bat da, herriko gazteak herrian bertan geratu daitezen hainbat ekintza antolatzeko sortu zena”.
Erbera kalea oinezkoentzako egiteko proiektuagaz hasteko asmoa du udalak
Udal ekipamenduetarako eta mantenimendu lanak egiteko 115.000 euro izango dituzte. Alkateak adierazi duenez, lanen artean daude bide gorria konpontzea, Otsoloko teilatua konpontzea eta frontoia margotzea: “Mantenimendu lanez gain, frontoiko lanak horrenbeste urteren ostean amaitu egin nahi ditugu, eta frontoia margotu nahi dugu. Iaz, guztira 40.000 euro baliatu genituen mantenimendu lanetarako, baina, aurten mantenimendu lan gehiago daude eta horregatik handitu dugu diru saila”.
Herriguneko kaleetan eta baserri bideetan konponketak egiteko 309.000 euro erabiliko dituzte. Horien artean dago Erbera kalea oinezkoentzako egiteko proiektuagaz hastea ere: “Altzibar eta Ibaunerdi auzoei eragingo die proiektu honek. Esaterako, berriro organizatu beharko dira bidean dauden autoen aparkalekuak. Hala ere, zatika egin behar ditugu Erbera kalea oinezko egiteko lanak, dena batera egiteko diru kopuru handia delako”.
Bestalde, klima aldaketaren arlorako 80.000 euro izango dituzte. Barrizar enpresak zuzendu ditu orain arte egindako aldaketak, eta hemendik aurrera ere hala jarraituko dute: “Iaz kaleko argi guztiak aldatu genituen, led bonbillak jarriz. Kultur aretoan eta jubilatuen elkartean ere argiteri dena aldatu genuen, eta orain, esaterako, jubilatuen elkarteko leihoak aldatu nahi ditugu: leiho meheak daude eta berotasuna bertatik joan egiten da”.
Arlo sozialerako eta zaintzarako diru saila ere indartu egin dute, eta 103.000 euro bideratu dituzte: “Gero eta gehiago behar dela ikusten dugu. Udaleko taldeari formakuntza bat eman nahi diogu, datozen urteetan udal mailan zaintzari buruz zer egin dezakegun jakiteko”.