Herriaren babes osoa jasota
Ondarroa Arraun Elkartearen 50 urteko ibilbidea behar bezala ospatuta geratu da, historia herritarrei eskura jarri dio elkarteak, eta herriak ez du hutsik egin.
Ondarroan arraunak daukan garrantzi historikoa jaso eta herriari eskuragarri jartzea izan da Ondarru Arraun Elkartearen 50. urteurreneko helburua, eta ondo baino hobeto bete dute. Dokumentazioa, ikus-entzunezkoa, erakusketa, kalejira,… hamaika formatu, denak ala denak, loturak sendotzeko. “Herritarren aldetik jasotako erantzuna oso ona izan da”.
Ogibidetik sortu eta kirol bilakatu zen arraunaren historia herritarrek egin dute, eta herritarrek ospatu dute ibilbidea. Arraun Ondarru dokumentalaren arrakasta begi bistakoa izan da, 750 herritarrek ikusi dute, Beikoizinin egindako hiru saio eta gaztetxekoa batuz. Harrera ederra izan duela aitortu dute elkartetik, baina dokumentalaren ibilbidea hasi baino ez da egin, herriko beste leku batzuetara ateratzeko asmoa baitute: “Toki gehiagotara eramatea da asmoa, tartean, Zaharren Egoitzara, Antiguako Amara eta baita herriko ikastetxeetara ere”.
Beste alde batetik, herriko hiru txoko bereganatu dituen Ogibidetik kirolera, arrauna Ondarroan erakusketa Gabonetako ekimenen artean egon da. Alamedako Udal Erakusketa Aretoan, Bide Onera zinemako sarreran eta Artabide 21eko lokalean 50 urteen laburpen modura antzinako tresnak, arrauneko materiala, argazkiak eta hamaika bizipen biltzen zituen altxorren txoko bilakatu dira.
Herritarrei eskainitako lanak merezitako erantzuna eduki du, hain zuzen ere, elkartetik emandako datuen arabera 2.305 lagun bertaratu dira elkartearen historia bisitatzera. “Erantzuna oparoa izan da, jendeak etxean zituen argazkiak eta egunkarietako zatiak ekarri dizkigu eta artxiboa handitu dugu”.
Urteurren ospakizunei amaiera emateko, Banderakin, herrixaz bat! kalejira abiatu zuten, 124 bandera eskuetan eta Kresalako musika bandak sortu zuen giro ezin hobeagaz, herria igaro zuten herritarren berotasunagaz. “Jende asko hurbildu zen, ekimen xumea zen, baina herritarren artean interesa sortu zuen”. Hortaz, 50 urte behar bezala ospatuta, aurretik egiteko dituzten guztiei gogotsu heltzeko adina indar batu dituzte arraunlari eta zaleek.