Irantzu Varelak ‘Señoricidio’ lana aurkeztuko du Ondarroan
“Gaizki iruditzen zaizkizun gauzez barre egingo duzu. Eta ondo irudituko zaizkizu batere graziarik ez duten gauzak”, azaldu du.
Irantzu Valerak Señoricidio lana aurkeztuko du barikuan [urtarrilak 12] 19:00etatik aurrera, Portuko Ranpan. Sarrerak salgai daude Alain eta Kuriken, 10 eurotan. Kazetaria, idazlea, sortzailea, komunikatzailea eta feminista da, besteak beste, Varela. Barrea eragiten duen bakarrizketa eskainiko du bere azken lanean, dagoeneko lau bakarrizketa aurkeztu ditu. Orain arte, besteak beste, Madrilen, Nafarroan, Donostin edota Gasteizen egon da.
“Gaizki iruditzen zaizkizun gauzez barre egingo duzu. Eta ondo irudituko zaizkizu batere graziarik ez duten gauzak”, azaldu du. Hain zuzen ere, “haserre” daudelako egiten duten barre “bururatzen zaigun gauzarik leunena” delako, oraingoz: “Emakumeok benetan egin nahi duguna egingo bagenu señoricidio asko egongo litzateke”. Horretarako, umoreaz baliatzen da Varela: “Nire ustez, umoreak hausnarketara eramaten zaitu beti, istorio bat eraikitzea eta horrenbestez beti da politikoa, boterea ezartzeko aldetik. Umoreak beti ezarri du nortaz barre egin dezakegun eta nork egiten duen barre. Señoricidion maskulinitateaz barre egiten dugu, inork barre egiten ez duen gauzetaz”.