Plastikoen azterketak ez du baieztatu Galiziatik iritsitakoak direnik
Larrialdi plan berezia alerta egoeran uztea erabaki dute gaur [urtarrilak 10] Bilbon egindako bileran: "Ez dago larrialdi fasera igarotzeko arrazoirik".
Azti eta Gaikerrek egindako azterketak ez du baieztatu atzo [urtarrilak 10] euskal kostaldean agertu ziren plastiko zatiak Galiziatik iritsitako pinportak direnik.
Toconao ontziak 26-250 kilo mikroplastiko zituen edukiontzi bat galdu zuen abenduan Portugalgo kostaldean. Atzo laginak jaso zituzten Bizkaiko kostaldeko hainbat hondartzatan, baina Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren esanetan ez dute ondorio argirik: “Eskuarki Euskadiko hondartzetan eta uretan aurkitzen ez dugun kontaminatzaile bat da, dentsitate handiko polietileno bat. Dena den, ezin dugu jakin polietileno horrek duen gehigarri portzentajea, eta, beraz, ezin dugu ondorioztatu Galiziako isuritik datorrenik”.
Gainera, denbora luzez hondarra ukitzen egon diren plastikoak direla argitu du, hortaz, “baliteke normalean itsasoan aurkitzen ez diren laginak izatea”. Hala ere, ezin dute baztertu Toconao ontziaren isuritik datozenik. “Ez datoz turrustan, hori dela eta, kasik ezinezkoa da nondik datozen jakitea”.
Hala ere, arrantzan “eraginik ez duela” azpimarratu dute eta larrialdi plan berezia alerta egoeran uztea erabaki dute, “ez baitago larrialdi fasera igarotzeko arrazoirik”.
Bizkaiko Foru Aldundia neurriak hartzen ari da, Arantza Atutxa Ingurumen diputatuak jakinarazi duenez Bizkaiko hondartzak garbitzeko prestatzen ari baitira. “Kostaldera iritsiko balira, herrialde horretako hondartzak garbitzen dituen zerbitzuko langileak eta guardak berehala hasiko lirateke lan horretan; 60 langile dira”.
Horrez gain, Ingurumen Sailak aginduta itsasontziak prestatu dituzte Muskizen eta Santurtzin itsasoak plastikoen aztarnarik dagoen ala ez ikusteko, eta, beharrezkoa izanez gero, pinportak uretatik xurgatzeko.