"Antzerkiaren alde teorikoak eta praktikoak ezkondu nahi nituen"
‘Antzerkiaren Labirintoan I’ eta ‘Antzerkiaren Labirintoan II’ obrak idatzi ditu markina-xemeindarrak. Denetariko ikuspuntuetatik ondu ditu antzerkia, kulturgintza eta artea.
Oholtzatik tintara. Interpretaziotik orrialdeetara. Ander Lipus antzezle eta antzerkigileak Antzerkiaren Labirintoan I eta Antzerkiaren Labirintoan II liburuak argitara eman ditu. Horietan, antzerkigintzari hainbat perspektibatik heldu dio markina-xemeindarrak.
Zelan ernaldu zitzaizun zeure pasioa, antzerkia, modu horretan lantzeko ideia?
Betidanik idazten aritutako materiala barnebildu dut liburuotan; duela bost urte inguru ekin nion lanari. Beste kultur adierazpide batzuek, esate baterako, bertsolaritzak, badauzkate artistei nahiz zaletuei zuzendutako lanak, eta nik pareko zer edo zer egin nahi nuen antzerkigintzagaz. Antzerkiaren alde teorikoak eta praktikoak ezkondu nahi nituen, denetariko langaiak landuz.
Gaiok, gainera, modu zeharo desberdinetan ondu dituzu.
Horixe da, agian, lanon berezitasunik agerikoena. Badago artista baten bilakaera erakusten duen atala, baita euskal kulturgintzaren azken 50 urteon erradiografia moduko bat ere. Bestalde, antzezleak behar dituen lanabesei buruzko gogoeta ere bildu dut.
“Mamiari dagokionez, obra oso mardula da, baina irakurterraza izan zedin bilatu dut etengabe”
Aipatu duzun antzerkigintzaren corpusa jaso al da gaur egun arte euskaraz?
Zenbait egon badauden arren, gutxi samar dira. Alde horretatik, neure alea ipini gura izan dut. Mamiari dagokionez, obra oso mardula da; hori bai, irakurterraza izan zedin bilatu dut etengabe eta edonork inongo arazo barik ulertzeko modukoa.
Antzezlea ez den edota antzerkiaz ezer gutxi dakien hartzailearentzako egokia litzateke, hortaz?
Bai. Adibidez, alpinismoa ezagutzen ez duen norbaitek badu alpinismoari buruzko liburu bat irakurtzeko eta alor horretan murgiltzeko aukerarik; antzerkiagaz gauza bera gertatzen da. Aktore batek antzerkia, bertsogintza, musika edota dantza munduak zelan bizi dituen bistaratzen da, ikuspuntu pertsonal bategaz. Euskalgintzarekiko atxikimendua duen edonori gustatu dakioke lan hau.
“Lehen liburuxka, besteak beste, mapak baliatuta landu dut”
Bitakora Koadernoa izeneko lehen liburuxkak zeure ibilbide artistiko eta pertsonalaren trazak erakusten ditu. Zelan laburtu duzu bide hori?
Besteak beste, mapak baliatuta. Neure iruditegiko lehen urteak Markina-Xemeinen kokatu ditut, hura baitut jaioterri; ostean, Madrilen eta hango teatroan bizitakoak kontatzen ditut; ondoren, Bilbora joan nintzeneko esperientziak ageri dira, besteak beste, Guggenheim sortu zen aldikoak; gero, Berrizera joateko eta euskaraz nahiz euskararako sortzeko hartu nuen erabakia azaleratzen dut, Aulestiko antzerki topaketei, Artedramari edota Ipar Euskal Herriko kulturgintzari keinu eginez; bitakorako azken geltokian Markina-Xemeinera itzulera kontatzen dut. Oro har, lehen liburu hori memoria pertsonalaren eta kolektiboaren jarduera interesgarria idaztearen parekoa izan da.
Memoria ariketa horren lanketan, idazkeraren tratamenduak pisu handia eduki ohi du sarri. Idazketa estilo jakin baten bila ibili al zara?
Hainbeste eta hain bestelakoak diren materialekin, lanak izan ditut. Nik neure burua ez dut idazletzat eta, zentzu horretan, editoreek asko lagundu didate. Nik obra oso-osoa idatzi nuen, eta liburuxken zatiketa gero etorri zen. Edozelan ere, denon artean lortu dugu irakurlearentzako liburu koherentea izatea, edozein atal irakurtzen hasita ere; antzezlan bateko eszena bat irakurtzen hastearen parekoa da.
“Liburuen lanketa neure gainontzeko proiektuekin uztartzea nekeza izan da, baina diziplinagaz edozer da posible”
Egitasmo horren lanketa zeure gainontzeko proiektuekin uztartzea nekeza egin al zaizu?
Bai, baina diziplinagaz edozer da posible. Urteotan, goizero-goizero idazketan kontzentratu naiz. Antzezlearen ogibidea gorabeheratsua da: ordu askoko jardunak tarte libreekin txandakatzen dira. Ez hori bakarrik: pandemia, zelan edo halan, idazteko lagungarria izan zait.
Artedrama baten bila izenburua du bigarren liburuxkak, eta bigarren hori ere beste bi azpi-liburutxotan banatu duzu.
Lehenengo atalak ibilbide itxura du, eta bigarrenak, ostera, gehiago du teoriatik. Aktore batek behar dituen tresnak edota lanabesak erakusten ditut; batik bat, hiztegi edo glosario itxuradun materiala dago zati horretan. Horrez gain, urtez urte idatzitako artikulu sorta ere atxikita dago.
Proiektuaren tentakuluak hain ezberdinak direnez, editoreagaz parez pare egindako beharra zutabe izango zen, ezta? Zelan funtzionatu duzue?
Prozesuaren lehen lau urteetan bakar-bakarrik aritu nintzen idazten, lagun batzuek egindako ispilu lana ere baliatuta. Ondoren, idatzitakoa editoreari bidali nion, eta ibilbidea beste etapa batean murgildu zen. Behin eta berriro irakurri genuen liburua. Azken batean, editoreak badauka idazleak ez daukan usaimen bat: irakurlearengan pentsatzen du. Niretzat, idatzita nuen labirintoa guztiz logikoa zen, baina hark ikusarazi zidan hartzailearentzat ez zela horrela izango; ondorioz, lan potoloa egin behar izan nuen, liburuaren narratiba koherentea zela bermatzeko.
“Sarri, badirudi idazketa ez dela sekula burutuko”
Artefaktu literarioa aurkeztuta eta esku artean daukazu; zein sentsazio bizi dituzu egun?
Lasaitasuna, gehienbat. Sarri, badirudi idazketa ez dela sekula burutuko: beti zerbait gehitu edo moldatu nahi du idazleak, baina iritsi behar da bidea bai ala bai amaitzeko unea. Aitortu behar dut egun hainbat ñabardura gehituko nizkiokeela, baina ez: amaituta dago. Orain irakurleari dagokio bidea egitea, hala gura baldin badu.
Irakurleen iritzirik ailegatu al zaizu?
Ailegatzen ari zaizkit, bai. Ezagun batek, adibidez, obran bere belaunaldiaren argazkia sumatu zuela azaldu zidan, eta jakin badakit antzerkigintzagaz inongo loturarik ez daukala. Horregaz esan nahi dut irakurle bakoitzak bere testuingurura moldatu dezakeen lana dela; hori ere kontu benetan polita da. Horrez gain, irakurterraza begitandu zaiela ere esan didate, edota horrelako proiektu bat egitea geurean beharrezkoa zela. Horrek guztiorrek izugarri pozten nau, liburua bere bidea egiten ari den seinale.
“Indarrak neure hurrengo antzezlanean pilatuta ditut orain”
Durangoko Azokakoa izan zen, beharbada, aurkezpen ofiziala. Zelan oroitzen duzu?
Egun arraroa izan zen niretzat: idatzi beharrekoak idatzita zeudela, bitxia suertatu zitzaidan lanari buruz nolabait berba egitea. Hainbeste ertz landu ditudanez, ez da erraza denak aurkeztea.
Aurrerantzean antzerako beste aurkezpenik egiteko asmorik ba al daukazu?
Berez, ez. Indarrak neure hurrengo antzezlanean pilatuta ditut orain. Gainera, uste dut momentu honetan irakurleari dagokiola lana jasotzea. Hortik aurrera, alderdi espezifikoren bat aurkeztu edo jorratu beharko balitz, ez nuke arazorik izango deitzen didaten tokira joateko.