Mutrikuko Gabonetako zozketako sarituak iragarri dituzte
40.710 eta 23.844 dira Orbea bizikleten zenbaki saridunak. Hamabost eguneko epea jarri dute txartelak aurkezteko.
Entxufatu Herriko Komertziora herriko merkataritza txikia bultzatzeko Gabonetako kanpaina abiatu zuen abenduan Mutrikuko Udalak eta 48 komertziotan banatutako txartelen bidez bi orbea bizikleta elektriko zozkatu dituzte; Orbea Keram 30 eta Orbea Optima E50.
- Orbea Keram 30 bizikletaren zenbaki sariduna: 47.578. Ordezko zenbakia: 23.844.
- Orbea Optima E50 bizikletaren zenbaki sariduna: 05.023. Ordezko zenbakia: 40.710.
Saritutako txartelak Mutrikuko Turismo Bulegoan aurkeztu behar dira erosketa tiketarekin batera: hamabost egun egongo dira txartelak aurkezteko. “Epe hori igarota zenbaki saritua agertu ez bada, ordezko zenbakia izango da zozketaren irabazlea izatera pasatuko dena eta beste 15 egun naturaleko epea izango du saritutako txartela aurkezteko”. Pertsona berbera ezin izango da bi sariren onuraduna izan.
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak eta Aitor Itza Garapen Saileko zinegotziak kanpaina merkataritza indartzeko apustua dela zehaztu dute eta lehen datuak eskuan izanik, “baikortasunez” ikusi dute kanpainak izandako ibilbidea: “Gabonetako kanpainaren baitan Mutrikun, gutxienez, 524.690€ko gastua egin da herrian”. Ekimenean parte hartu duten establezimenduekin bildu nahi du udalak, “euren iritzi eta ekarpenak jaso ahal izateko”.
Udalak eskerrak eman nahi izan dizkio kanpainan parte hartu duten merkatariei eta herritarrei: “Mutrikuko Udalak bereziki eskertu nahi ditu kanpainan parte hartu duten merkatariak herriko merkataritza eta ekonomia suspertzeko egiten duen lanagatik”.