Boluntarioak behar ditu Markina-Xemeingo Elikagaien Bankuak
Caritas taldeak herritarren laguntza behar du janari bilketak antolatu eta beharra duten pertsonei laguntzeko.
Markina-Xemeingo Elikagaien Bankurako janari bilketaz eta banaketaz arduratzen den Caritas taldea boluntarioen bila dabil. “Janari bilketak antolatu eta beharrean dauden pertsonei laguntzeko, herritarren laguntza ezinbestekoa da“.
Azaldu dutenez, janari banaketaren aurretik hainbat izapide egin behar izaten dituzte, esaterako, zenbat familia diren zehaztu behar izaten dute: “Horrekin batera, familia bakoitzean zenbat ume, zenbat emakume eta zenbat gizon dauden jakin behar dugu, ondoren datuak Elikagaien Bankura bidaltzeko”.
Horren ostean, hileko bigarren martitzenetan elkartu eta janari bila joan behar izaten dira. Hileko bigarren eguenetan, berriz, janari sortak egiten dituzte, eta hirugarren astelehenetan, janari banaketa: “Hileroko kontua hori izaten da. Ez dago zertan egun guztietan etorri, bakoitzak ahal duenean etorrita, nahikoa”.
Gaur egun, guztira zortzi lagunen artean banatzen dituzte egin beharreko guztiak, baina, jende gehiagoren beharra dutela adierazi dute: “Izapideak egiteko bizpahiru lagun beharko genituzke. Horrez gain, janari banaketa egiteko gaur egun bost nagusi daude eta eskertuko genuke beste norbait ere, apurka apurka jende berria sartzen joateko. Herritarren laguntza eskertuko genuke”.
Urtarrilaren 29an 17:00etan Markina-Xemeingo abadetxean jarri dute hitzordua: “Bertan elkartu eta azalpenak emango ditugu, ea bakoitzak zer egin dezakeen erabakitzeko”. Laguntzeko prest daudenek edo informazio gehiago nahi dutenek 634 44 35 35 telefonora deitu dezakete.