"Ezin hobeto" hasi dituzte sanantonak Barinaga auzoan
Atzo [urtarrilak 14] hasi zituzten San Anton jaiak Markina-Xemeingo Barinaga auzoan. Asteburu honetan ere festak ez du etenik izango.
Aurtengoan ere Barinagako Jai Batzordearen ekimenez antolatu dituzte auzoko jaiak, eta atzo [urtarrilak 14] “ezin hobeto” hasi zituzten sanantonak, auzoan zehar egindako zortzi kilometroko ibilbideagaz: “Pentsatzen genuena baino askoz jende gehiago etorri zen eta 120 lagun inguru elkartu ginen. Oso ondo pasa genuen goiza. Ostean, gainera, hamaiketakoa ere egin genuen”. Auzokoez gain, Markina-Xemeingo eta Etxebarriko jende “asko” ere ibilbidea egitera joan zirela adierazi dute antolatzaileek, pozik. “Zazpigarrenez antolatu dugu ibilbidea, baina aurten beste jende inoiz ez da egon”.
Ibilbidearen ostean, jubilatuen txanda izan zen eta bazkarira joan zirenek tarte eder bat pasatzeko aukera eduki zuten. Ondoren, briska jokoan aritu ziren, 24 bikote: “Ondo egon zen. Markina-Xemeingo bikote batek irabazi zuen, eta bigarren, berriz, auzokoak geratu ziren”.
Aspertzeko astirik gabe, batzuk briskako finala jokatzen eta ikusten ari ziren bitartean, beste batzuk, Balbea antzezlana ikustera joan ziren, elizara: “Elizako argi guztiak itzalita, argi txiki bakar batekin egin zuen antzezlana. Umeentzako apur bat beldurgarria izan zen, baina, nagusientzako ondo. Gustura hartu genuen”.
Jai batzordea jendearen erantzunarekin pozik, datorren asteburuari begira daude jada, izan ere, barikuan [urtarrilak 19] eta zapatuan [urtarrilak 20] ere edukiko dute zer ospatua. Barikua pelota partidekin hasiko dute, 17:00etan. Ostean, VIII. pala txapelketako finala jokatuko dute; finaleko lehia erabaki gabe dago oraindik, asteon jokatuko dituzte finalerdiak Aldaoleak eta Olabarriak alde batetik, eta Plazak eta Ansolak beste aldetik.
Zapatuan ere kirolagaz hasiko dute eguna, III. Neguko Bolak hiru txirlo txapelketako finalagaz. Mus txapelketaren eta Oier magoaren ostean, jaietako izarra helduko da: bertso afaria. Nerea Ibarzabal eta Andoni EgaƱa punta-puntako bertsolariekin, goi-goitik amaituko dituzte jaiak.