Kultura herritarren eskura jarriko dute Lea Ibarran
Aulesti, Amoroto eta Munitibarko udalek landutako 'Lea Ibarra bertoko kulturarekin' egitasmo bateratuak kultura herritarren eskura jarriko du. Barikuko [urtarrilak 19] antzezlanera joan nahi dutenek izena eman behar dute Aulestiko udaletxean.
Euskal sortzaileei plaza ematea ahalbidetzen duen Geuretik Sortuak egitasmoaren helburuetako bat egindako sormen lanak herriari helaraztea izanik, Amoroto, Aulesti eta Munitibarko udalek batera abiatutako ekimena borobiltzeko unea ailegatu da: Lea Ibarra bertoko kulturarekin egitasmo bateratuak kultura herritarren eskura jarriko du.
Antzerkigintza, zinema eta komikgintza erdigunean jarri eta bost lanez osatutako egitarau bateratua atera dute Lea Ibarreko kultur eskaintza aberastu eta euskal sormenari plaza ematea helburu jarrita. “Lea Ibarreko kultur eskaintza ikusita, hainbat ekimen daude urtez urte errepikatzen direnak eta jada errotuta daudenak. Geuretik Sortuak egitasmoagaz eskaintza zabaltzeko aukera polita ikusi genuen, bertoko sortzaileen eskutik bertoko kultura hurbiltzeko modu ederra”.
Hain zuzen ere, hiru herriak modu bateratuan aurkeztu ziren Geuretik Sortuak ekimenera, sortzaileen kabia izateko asmoz. “Bertoko artistei askatasun guztiarekin sortzeko aukera bat ematen zaie proiektuaren bitartez, eta gainera, lanak herriagaz lotura izatea berezitasuna da. Bertan egonaldia egin eta bertan bizita herriaren errealitatearekin lotutako lanak ateratzen baitira”.
Antzezlanera joan nahi dutenek izena eman behar dute Aulestiko udaletxean.
Egitarauaren lehenengo hitzordua barikuan [urtarrilak 19] izango da, eta nola ez, berton landutako lana izango da egitasmoari irekiera emango diona: Jon Ander Urresti bermeotarrak Eukalyptus antzerkia estreinatuko du, 19:00etan, Aulestiko udal areto nagusian. Hasiera batean beste lurralde batera joan behar bazen ere, eukaliptoei eta ustiaketa basoari buruzko obra lantzen ari zenez, errealitatea horren islarik argiena berton edukirik, Munitibar, Aulesti eta Amoroto bilakatu ziren helmuga eta esku zabalik hartu zuten. “Hiru herrietan egin ditu egonaldiak eta herritarrekin harreman zuzena izan du Urrestik. Gaiari buruzko adituekin lanean ibili da, eta hurbileko harremana izan du”. Antzezlanera joan nahi dutenek izena eman behar dute Aulestiko udaletxeko 94-627 90 06 telefono zenbakira deituta.
Bigarren hitzordua Munitibarren izango da, eta Antzerki Aroak /Ttipia artistek sortutako Olagarrua antzerkia egongo da ikusgai. Euskalduntasunari buruz hitz egin nahi duen proiektuak Zumaia izan du erdigunean. Zinemaren txokoa, ostera, Aitzol Saratxaga bilbotarraren Ehiza lanak beteko du. Legution lekututako film laburra ikusteaz gain, zuzendariagaz solasaldian aritzeko tartea egongo baita maiatzean, Aulestin.
“Elkarlanetik ateratako ekimena da eta gure helburua herritarrek eskaintzaz gozatzea da, hortaz, dei egin nahi diegu, hiru herrietako ekimenetara mugitu daitezen”.
Amorotok, ostera, Goitibera konpainiaren Eraitsi S.L antzezlana hartuko du plazan. Hernanin egonaldia egin ostean, espazio publikoari buruzko hausnarketa eskainiko duen lana dakar hirukoteak osatutako konpainiak; “Bitartekaritza lana eta sorkuntza eszenikoa biak paraleloki garatzea eta batak bestea elikatzea da gure helburua”.
Azkenik, Hona bostekoa! komiki erakusketa ikusgai egongo da hiru herrietan apiriletik maiatzera bitartean. Komiki bildumak, bost komikilarik sortutako bost komiki labur eskaintzen ditu, bakoitza Euskal herriko gune batean kokatua. Hortaz, eskaintza paregabea eskura izanik, herritarrei hurbiltzeko deia egin diete udaletatik: “Elkarlanetik ateratako ekimena da eta gure helburua herritarrek eskaintzaz gozatzea da, hortaz, dei egin nahi diegu, hiru herrietako ekimenetara mugitu daitezen”.