Teknologien erabilerari buruzko lanketa saioak egingo dituzte Ondarroan
Guraso zein ikasleei zuzendutako saioak egingo dira, Interneten eta mugikorren erabilera arduratsu bat egitea helburu izanik.
Adingabeek Internet eta telefono mugikorrarekin egiten duten erabileraren inguruko jarduerak antolatu ditu Ondarroako Udalak, hezkuntza batzordetik sortutako ideia bati jarraipena emanez. Teknologien erabilera arduratsua egin behar dela abiapuntu izanik, gaiaren inguruko lanketa eta kontzientziazioa zabaltzeko asmoz, gurasoei zein ikasleei zuzendutako saioak antolatu dituzte.
Heziketa digitalean aditu Macsonrisas elkarteak bideratuko ditu jarduerak eta teknologia “modu kontzienteago batean” erabiltzea izango du helburu: “Online bidezko jokaerek ondorioak dituztela ulertzea, mundu digitalean dauden arriskuak identifikatzea eta bakoitza bere burua babesteko gai izatea”.
Lehenengo hitzordua urtarrilaren 24an zehaztu dute, 18:30ean, gurasoei eta interesa duen orori zabalik egongo dena. Julen Linazasoro hezitzaile digital eta Macsonrisas elkarteko kideak bideratuko du saioa eta joateko interesa dutenek izena eman beharko dute udaleko euskara zerbitzura deituta 946833668 edo izena emate orria beteta. “Hitzaldia non egin edukieraren arabera erabakiko da eta jakinaraziko zaie izena ematen dutenei”.
Ikasleei bideratutako saioei dagokionez, hezitzaileak ikastetxeetara joango dira eta gelaka landuko dituzte edukiak, hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzako 3.mailatik 6.mailarainoko ikaslekin. Zaldupe Eskolan otsailaren 12an egingo dira saioak eta Zubi Zahar Herri Ikastolan, berriz, martxoaren 5ean.