Aldundiak larrialdi egoeren inguruko prestakuntza saioa eskainiko du Markina-Xemeinen
Udalek larrialdi egoeren aurrean eman beharreko erantzuna hobetzeko eta babes zibila eraginkortasunez kudeatzeko ezagutzak jasotzeko prestakuntza izango da.
Larrialdiei eta babes zibilari buruzko udalei begirako topaketen zikloa antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Lehenengo saioa martitzenean [urtarrilak 16] egin zuten, Basaurin, eta hurrengoak Portugaleten, urtarrilaren 23an, eta Markina-Xemeinen, urtarrilaren 30ean, izango dira.
Bizkaiko 35 udalerritako ordezkariez gain, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ere parte hartuko saioetan. BFAk adierazi duenez, prestakuntza topaketa horien bitartez “udalerriek larrialdi egoeren aurrean eman beharreko erantzuna” indartu nahi dute, eta horrekin batera babes zibilaren kudeaketa hobetu, “egoera kritikoei eraginkortasunez aurre egiteko tresnei buruzko ezagutzak emanez”.
Udalerriak, larrialdiak eta babes zibila. Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman duen lekua izenburupean egingo dituzte saioak, udaletako arduradunak ahalduntzeko asmoz. Azaldu dutenez, horretarako eremu bakoitzean legez dituzten ahalmen eta erantzukizunei buruzko ezagutzak eskainiko dizkiete: “Pertsonen bizitza, bitartekoak eta ingurumena arriskuan jar dezaketen larrialdi egoerei eraginkortasunez aurre egin ahal izan diezaieten”.
Bestalde, BFAk azaldu duenez, babes zibila eraginkortasunez kudeatzeko “zehatz mehatz ezagutu behar da zer eskumen dagokion erakunde bakoitzari”. Hiru eremu azpimarratu dituzte: udalerriak, lurraldea eta autonomia erkidegoa. Zeregin horien konplexutasuna dela eta, hainbat gai landuko dituzte saioetan: legeria, erakundeen eskumenak eta udalerriei Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman dagozkien eginkizunak. Horrekin batera, ezusteko egoeretarako prestatuta egotearen garrantzia nabarmenduko dute.