Bizkaiko golkoa plastikoa pilatzeko puntu beroa dela salatu du Eguzkik
Plastiko pinporten egoeraren aurrean adi egotea tokatzen dela azpimarratu dute. AZTIk 2022an egindako ikerketek Bizkaiko golkoko gune ozeanografikoa mikroplastikoentzako "irteerarik gabeko kale itsua" dela ondorioztatu zuen.
Eguzki Erakunde Ekologistatik plastiko pinporten egoera abiapuntu jarrita Bizkaiko Golkoan plastikoarekin dagoen arazoa salatu du: “Bizkaiko golkoko hego ekialdeko kostaldeko urak plastikoa batzeko puntu beroa da”.
Plastiko pinporten egoeraren aurrean adi egotea tokatzen dela azpimarratu dute, baina gaur gaurkoz ez dute boluntariotzara jotzeko arrazoirik ez ikusten. “Pelletak orban edo lerro adierazgarrietan iristen badira, aukeran itsasoan garbitu edo, beste erremediorik ez badago, lehorrean, betiere talde profesionalekin eta EAEko herri erakundeei koordinatuta joka dezatela eta herritarroi informazio gardena eman diezagutela eskatu behar zaie”.
Bizkaiko golkora “seguru asko” iritsiko direla adierazi dute, golkoan dagoen “plastiko-zoparen parte” bilakatuz. AZTIk 2022an egindako ikerketek Bizkaiko golkoko gune ozeanografikoa mikroplastikoentzako “irteerarik gabeko kale itsua” dela adierazi baitzuen: “Ikerketa honek erakusten du Bizkaiko golkoko hego-ekialdeko kostaldeko urak plastikoa batzeko puntu beroa dela, eta Mediterraneo itsasoko edo beste eremu batzuetako antzeko datuak dituela”. Zehazki, aurkitutako plastikoaren batez besteko ugaritasuna kilometro karratuko 739.395 eta 2.625.271 piezakoa zen.
Hortaz, plastikoen ekoizpen neurrigabearen egoerari heldu beharra azpimarratu dute. “Mugak jarri behar zaizkio plastikoen ekoizpen neurrigabeari, batez ere erabili eta botatzekoei”. Horretarako, eskumenak dituzten erakundeek prebentzio neurriak hartzea eskatu dute: “Europar Batasunak har ditzakeen makro mailako erabakien eta norbanakook egin dezakegunaren artean, badira eskumenak dituzten erakunde asko”.
Udalei erantzukizuna eskatu diote, aldian behin bitartekoak jartzeko eskatuz ibaiak eta errekak garbitzeko eta ibaiak zaintzeko araudiak eta ordenantzak betetzea eskatuz, “zigorrak barne”. Eguzkitik azken urteotan ibai ertzetako barandetako beheko aldean sareak jartzea izan da sustatu duten neurrietako bat. “Saretek ez dute miraririk egiten, noski, baina funtzionatu funtzionatzen dute”.
Bestalde, herritarrek plastikoaren erabilera arduratsuagoa egitearen beharra ere azpimarratu dute, AZTIk egindako ikerketaren ondorioa argia baita: “Bizkaiko golkoan aurkitzen dugun zaborra, funtsean, Bizkaiko golkoan bertan bizi diren herritarrek sortua da”. Arazoari alde askotatik heltzeko moduak daudela adierazi dute, eta “ekin behar zaio”.