Ziortza-Bolibarko Udalak iaz baino 105.375 euro gehiago edukiko ditu 2024ko aurrekontuan
1.217.905 euroko aurrekontua edukiko dute aurten. Aurrekontuak egiterako orduan auzo batzarretako eskariak hartu dituzte oinarritzat.
Ziortza-Bolibarko Udalak 1.217.905 euroko aurrekontu proposamena onartuko du urtarrilaren 30ean egingo duten osoko bilkuran, iaz baino 105.375 euro gehiago (iaz 1.112.530 eurokoa izan zen). Pasaden domekan [urtarrilak 14] aurkeztu zuten proposamena herritarren aurrean. Ostean, oposizioarekin elkartu ziren zehaztapen gehiagorekin proposamena lantzeko.
Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko alkateak adierazi duenez, proposamena egiterako orduan azaroan egindako auzo batzarretako eskariak hartu dituzte oinarritzat. Hiru batzar egin zituzten: bat Zeinke-Ziarregiko herritarrekin, beste bat Eleizalde eta Goierrikoekin eta azkena, Iruzubieta eta Artakoekin.
Helburua “eredu publiko komunitarioan” sakontzea dela azaldu dute, Ziortza-Bolibarko pertsonak eta komunitatea osoa ahalduntzeko: “Herri moduan ditugun arazo eta erronka komunei erantzuteko gaitasuna landuko dugu. Gure helburua herria eraldatzea da, eta aurrekontu hauek horretarako dira”. Ondorioz, udalgintza herrigilea praktikan jartzeko aurrekontuak egin dituzte: “Parte hartzeari garrantzia handia ematen diogu, herritik herriarentzak egindako aurrekontuak izatea nahi dugu. Gu horretarako bitartekoak jartzen saiatu gara”.
Inbertsioen %95a baino gehiago, 393.855 euro, diru laguntzen bitartez egitea aurreikusten du udalak.
Aurkeztutako aurrekontuan 770.615 euro eragiketa arruntak egiteko erabiliko dituzte. Horretarako, hainbat dirulaguntza jasotzen dituzte, besteak beste, BFAren udalkutxa (625.950 euro), Simon Bolivar Museoko langileak ordaintzeko dirulaguntza (50.000 euro) eta kultur ekintzetarako (10.000 euro) jasotzen duten laguntza.
Lau atal nagusi azpimarratu dituzte: langileen gastuak, funtzionamendu gastuak, gastu arruntak eta inbertsioak. Langileen gastuetarako 312.590 euroko diru saila jarri dute; aurrekontuaren %25,67a izango da. Aurten berezitasun batzuk daudela azaldu dute, besteak beste, langileen soldataren %2ko igoera eta alkatearen dedikazio erdia.
Funtzionamendu gastuetarako, berriz, aurrekontuaren %24,10a (293.540 euro) erabiliko dute: “Hemen funtzionamendu guztiko gastuak sartu ditugu: hirigintza, kaleko mantenimendua, kontratazioak, museoko gastuak, kultur ekintzetakoak, kirol ekintzetakoak eta euskara sailekoak”.
Gastu arruntetarako 159.485 euroko diru saila erabiliko dute. Horrekin, udalak parte hartzen duen hainbat esparrutarako dirulaguntza ematengo dute, besteak beste: Mankomunitaterako, Lea-Artibai Fundazioarentzako eta UEMArako.
Inbertsioak. Inbertsioetarako 400.540 euroko diru saila jartzea erabaki dute, aurrekontuaren %32,89a. Inbertsioen %95a baino gehiago, 393.855 euro, dirulaguntzen bitartez egitea aurreikusten dute: “Proposamen honetan aurkeztutakoa aurreikuspen bat da; lan bakoitzak bere laguntza eskatzeko bidea dauka. Laguntzarik barik ezingo ditugu lan hauek egin”.
Zabaleko bidea konpontzeko lanen kopuru zehatza ez dakiten arren, diru sailik handiena bertan erabili beharko dutela aurreikusi dute, 125.000 euro, hain zuzen ere. Horrez gain, beste baserri bide batzuk konpontzeko 30.000 euroko diru saila jarri dute.
Uruako bidegurutzetik Beheko Zubira eustorma jartzeko, berriz, 89.040 euroko diru saila erabiliko dute; BFAren ustegabeko lanetarako diru laguntza jaso dute, 100 metroko luzerako bide horma konpontzeko. Bolintxuko energia komunitatearen plaketarako 85.000 euroko diru saila erabiltzea espero dute, BFAren diru laguntza jasoz gero.
Kultur ekipamenduetarako 15.500 euroko inbertsioa egingo dute, eszenatokia eta eserlekuak ordaintzeko; 10.065 euro BFAk emandako dirulaguntzekin ordainduko dute.
2023an erositako hamairu hektarea inguruko baso lurretan landaketa egiteko 40.000 euroko inbertsioa egitea espero dute; dirulaguntza jasoko balute eroago lituzkete aurrera lanak.