Iñigo Urkullu lehendakariak Eikaren "ibilbide oparoa" zoriondu du
Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Arantxa Tapia sailburuaren bisita izan dute gaur [urtarrilak 19] Eikan, euren 50. urteurrena ospatzeko. Urkulluk Eikaren "kemena" eta "grina" azpimarratu ditu.
50 urte dira Eika sortu zela, eskualdean bereziki emakumeentzat lana sortzeko jaio zela. 1973tik honainoko ibilbidea erraza izan ez den arren, gaur egun erreferente dira sektorean. Urteurren ospakizunetan bete-betean sartuta dabiltza; gaur [urtarrilak 19] Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Arantxa Tapia sailburuaren bisita eduki dute, Jesus Iriondo Etxebarriko alkateagaz eta Mondragon Korporazioko ordezkariekin batera.
Bertan izan da, nola ez, Iñigo Arrieta Eikako presidentea ere. Hunkituta eta egindako lana gogoan hartuz, Eikaren sorreran parte hartu zuen taldea hartaz “oso harro” daudela esanaz hasi du hitzaldi saioa Arrietak: “Orain dela 50 urte Eika sortzen jardun zutenek ez zuten imajinatu ere egingo mundu osoko sukaldeetara iritsiko zirenik”. Helburu argi bategaz sortu zutela azpimarratu du, gizartean inpaktu bat eragiteko, “ingururako lanpostu jasangarriak eta aberastasuna sortzeko gaur egungo belaunaldientzat”.
Horrekin batera, emakumeek Eikan duten presentzia ere goraipatu du: “Eskualdeko emakumeentzako industria lanpostuak sortu ziren Eikan, eta gaur egun bazkideen %50a emakumeak dira”. Gainera, 50 urtetan ardatz izan dute euskara ere, “euskaraz lan egitearekin amestu zuten batzuk”, eta Arrieta egiten duten lanagaz harro agertu da: Gaur egun bertako langile askori eskerrak, euskaraz ekoizten dira munduko sukaldeetako fokuen erdiak”.
Osagai guztiak batu, eta kooperatiba ereduan oinarrituta bete dituzte helburu guztiak: “Erreferentzia gara mundu merkatuan eta erreferentzia gara gure ingurunean, eta erreferentzia izaten jarraitu nahi dugu”. Horretarako, bertako eragileekin elkarlanean aritzea eurentzat “ezinbestekoa” dela azpimarratu du Arrietak: “Ezinbestekoa iruditzen zaigu bertako instituzioekin elkarlanean jardutea. Horregatik, lehendakari jauna, mila esker gaur gurekin egoteagatik”.
Urkullu lehendakariak Eikaren 50 urteetako “ibilbide oparoarengatik” zorionduz hasi du ekitaldia; harro azaldu da bide guztiko oztopoak gainditzen jakin dutelako: “Mende erdia ez da egunero betetzen, eta oso zaila da horrenbeste urtetan martxan matentzea. 50 urtetan denetik bizi izaten da: momentu gozoak, noski, baina baita momentu saminak ere”. Bigarren momentu horietan arreta jarri, eta horrek egiten dituztela indartsu nabarmendu du Urkulluk: “Zorionak egun zail horietan erakutsitako kemenagatik, posible dela sinesteagatik. Kemen eta grin hori gabe ezinezkoa izango litzateke etengabeko hazkundea mantentzea”.
Iñigo Urkullu: “Euskaraz lan eginez lortu duzue. Badakigu hizkuntzari benetako garrantzia ematen dieten enpresak edo kooperatibak lehiakorragoak direla. Bada, ez zait zuena baino adibide hoberik bururatzen”.
Hazkundeari helduz, Urkulluk jakinarazi du gaur azken 15 urteetako langabezia tasarik baxuena erregistratu dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %7ko tasa, hain zuzen ere. Lorpen “kolektibo” horrek “lankidetzan jarraitzeko” arrazoi gehiago ematen dizkiela adierazi du: “Lankidetza da arrakasta lortzeko bidea. Eredu horretan benetan sinesten dugu. Indibidualismoaren aurrean, egozentrismoaren aurrean, auzolana, taldelana eta kooperazioa defendatzen ditugu”.
Gero eta globalizatuago dagoen munduan lehiakorra izatea beharrezkoa dela azpimarratu du lehendakariak, eta Eika auzolan horren “adibide garbia” dela adierazi du: “Gure herrian hain errotuta dagoen kooperatiben bidea hartu zenuten, eta eredu hori mantendu eta garatu duzue. Euskaraz lan eginez lortu duzue. Badakigu hizkuntzari benetako garrantzia ematen dieten enpresak edo kooperatibak lehiakorragoak direla. Bada, ez zait zuena baino adibide hoberik bururatzen”.
Eskerrak emanaz eman dio amaiera Urkulluk ekitaldiari: “Eskerrik asko Eika erakutsi diguzun bideagatik, eta eskaintzen diguzuen eredu bikainarengatik. Eika izan da, da eta Eika deika dago etorkizunera begi. Segi ondo egiten duzuen guztia praktikara eramaten. Zorionak guztioi eta eskerrik asko”.