Nere Erkiaga: "Heriotzari buruz beldurrik barik hitz egitea sekulakoa da"
Heriotzaren inguruko tailerren bigarren zatia emango du Nere Erkiagak urtarrilaren 31n eta otsailaren 7, 14 eta 21ean, Markina-Xemeinen. Berton bulegoan izena eman daiteke, 20 euroren truke.
Zer da Hil Arte Bizi?
Egitasmo zabala da. Tailerren helburua da heriotzaren aurrean herritar modura ahalduntzea eta oinarrizko ezagutza jasotzea, ondoren bakoitzak ikusteko zer erabaki hartu nahi dituen. Pertsonok naturalki programatuta gaude heriotzaren inguruan asko ez pentsatzera eta bizitzari lotuta ibiltzera. Hori oso positiboa da, baina heriotza gizartean tabua da eta, beraz, ez dugu ezer ikasten, ezta oinarrizkoa ere. Horregatik, pertsona bezala kamustuta geratzen gara, baliabide barik, denok pasa beharko garen egoera horren aurrean.
Horrek eragina dauka pertsonengan?
Bai, horrek min eta arazo gehigarriak sortzen ditu, askotan ekidin daitezkeenak oinarrizko ezagutzagaz eta gutxieneko erabaki batzuk hartuta. Hori da Hil Arte Bizi egitasmoaren eta tailerren helburua. Ez da doluaren inguruko tailerra eta ez da egokia doluan dauden pertsonentzat.
Nondik sortu zen Hil Arte Bizi egiteko ideia?
Ni zerbaitetan aditua banaiz, ikara edukitzen da, baita heriotzari ere, baina bizitzako hainbat arrazoirengatik, beldur hori desagertu egin zen. Heriotza hobeto landu daitekeela pentsatuz, zerbait egiteko gogoa etorri zitzaidan, eta hainbat formazio hartu ditut ordutik. Hil Arte Bizi sortu nuen sinisten dudalako pertsona modura baliabideak ditugula bai bakarka eta baita komunitate mailan ere, heriotzaren aurrean hobeto egoteko eta gauzak hobeto egin eta garatzeko. Normalena gizarte sano batean egitea litzateke, arazorik ez duen gizarte batean, baina gure kasuan, hori ez da existitzen eta, beraz, gizarte moduan tabu handia dago hor.
Nere Erkiaga: “Gizarte aldaketa gertatu da, eta guk oraindik ez diogu erantzun”
Tabu hori nondik dator?
Beharbada, erlijioak sortutakoa da: inpernua, purgatorioa, arima… Gaur egun, gehiago da filmetan, liburuetan, albistegietan… ikusten duguna. Biolentziaz betetako heriotzak daude edonon, gure heriotzaren iruditegia biolentoa eta traumatikoa da. Horrek eragiten duena da gizarte bat heriotzari bizkarra emanda dagoena, ezin dena heriotza aipatu ere egin. Lehen, esaterako, batez ere emakumeen gorputzagaz lotutako dena tabua zen, eta ezjakintasunaren ondorioz haurdunaldi batean umea galdu edo bizitza arriskuan jartzeraino heldu zitekeen. Orain, heriotzagaz gertatzen da hori, eta ezezagutza horrek arazoak sortzen ditu.
Norbanakoek zer egin dezakete tabuagaz apurtzeko?
Hil Arte Bizi-k bi lerro ditu: herritar mailan eta komunitate mailan. Herritar mailan norbere heriotzaren inguruan gogoeta egitea proposatzen dugu. Ezagutzea ze legek eragiten digun, identifikatzen joatea bakoitzak ze erabaki hartuko dituen alor bakoitzean… Edozerk balio dezake positiboki, baina jakin egin behar da horretarako, eta pentsatu egin behar da. Bakoitzaren burua argituz joaten gara saioetan, gai ezberdinetan ezagutza hartuz. Ikasketa polita da elkarrekin egiteko; norbere heriotzari buruz beldurrik barik hitz egitea sekulakoa da. Gainera, norbere heriotzaren aurrean apur bat ahaldunduago egoteak besteen doluaren edo heriotzaren aurrean ere hobeto egoten laguntzen du.
Eta, komunitate mailan, zer egin dezakegu?
Talde modura erantzukizunak ditugu, askotan ez ditugunak pentsatzen edo ez garenak konturatzen. Herri mailan, esaterako, hilerriekin edo agurrekin gertatzen ari denaz hausnartu, eta konturatuko gara baliabide falta dagoela eta aldaketa bat behar dela. Maite ditugunak omentzeko tokia hilerria da eta, beraz, toki erakargarri bat izan beharko litzateke, momentua heltzen denean erabiltzeko nahia edukitzeko. Horregatik, zelakoa izan erabaki beharko genuke. Gaur eguneko hilerrien formak, agian, nagusienen nahiei erantzuten die, beharbada, ez horrenbeste belaunaldi berriari. Gizarte aldaketa gertatu da, eta guk oraindik ez diogu erantzun. Erantzun hori herritik sortu behar da: herri bakoitzak bere irtenbidea edukiko du.
Nere Erkiaga: “Norbere heriotzaren inguruan gogoeta egitea proposatzen dugu”
Beraz, tailerrean zer lantzen duzue?
Bi ordu eta erdiko zortzi saiotan banatutako tailerra da. Lehenengo lau tailerretan agurra, testamentua, lege aldetik egin daitezkeen lanak, bizi digitala eta beste hainbat kontu lantzen ditugu, eta bakoitzak norbere erabakiak hartzen ditu. Bigarren zatian, berriz, osasungintzari begiratzen diogu, aitzakia bezala Aurretiazko Borondateen Dokumentua hartuta: konorterik gabe gaudenerako dokumentua da. Bertako alor ezberdinak landu ostean, Agur On karpeta egingo dugu: zortzi tailerretan landu ditugun gai guztietako erabakiak sartuko ditugu bertan, bakoitzak pentsatzen duena azalduz, mezuren bategaz nahi izanez gero, bizitzari buruzko gogoetekin… eta baita dokumentu legalekin ere, testamentua tarteko. Dena bat den arren eta lotuta dagoen arren, tailerraren lehenengo zatira etorri ez dena ere etorri daiteke bigarrenera.
Zergatik da garrantzitsua tailerrera joatea?
Norbere buruaren eta bizitzaren jabe izatea garrantzitsua da, eta heriotza kontrolatu ezin daitekeen arren, gauza asko ikasi eta ezagutu daitezke horren inguruan, erabakiak identifikatu eta argitzeko. Argitasun horri esker gero egoerari hobeto erantzuteko baliabideak hartzen ditugu. Hori da nire ustez motibazio garrantzitsuena. Bestalde, norbere heriotzari apur bat ikara kentzen edo gizarte mailako ikara hori deseraikitzen hasten bagara, gaitasun handiagoa daukagu inguruan norbait dolu prozesuan badago ondoan egoteko; ikara barik egon gaitezke besteen heriotzaren edo doluaren aurrean. Hala ere, hau bigarren mailakoa da, niretzako garrantzitsuena da norbere ikarak kendu eta ideiak argitzea. Modu naturalean garatzen da besteen ondoan egon ahal izateko gaitasuna.