Arrantza debekuak Ondarroako lau ontziri eragiten die
Bizkaiko Golkoko Frantziako uretan arrantzatzearen debekuak izurdeen ernalketa garaia babestea du helburu. Hilabetez luzatuko da debekua.
Espainiako Gobernuak sare bidezko arrantza debekatu du Bizkaiko Golkoko Frantziako uretan, izurdeak ernalketa garaian babesteko. Gaur [urtarrilak 22] sartu da indarrean erabakia eta Ondarroako lau itsasontziri eragiten die: bi itsasontzi lehorrean geratu beharko dira eta beste bik oso mugatuta izango dute arrantzatzeko eremua.
Frantziako Gobernuak hartutako erabakiari jarraituz hartu du erabakia Espainiako Gobernuak eta Espainiar estatuko 41 itsasontziri eragiten die, zehazki, Bizkaiko lau ontziri, denak ala denak, Ondarroako portukoak: Aketxe-Gaztelugatxe bikotea eta Kaxu eta Kaxarra bikotea.
Kaxu eta Kaxarra ontzien kasuan arrantzatzeari utzi beharko diote, Aketxe eta Gaztelugatxe bikotearen kasuan, litoralean arrantzatzen jarraitzeko aukera dute. Mikel Ortiz Ondarroako alturako Arrantza ekoizleen Erakundeko (OPPAO) zuzendariaren esanetan “gauzak ez dira modu eraginkorrenean egin” eta herriko ontziek azken uneko erabakiak hartu behar izan dituzte, ezustekoan harrapatu baititu erabakiak: “Zentzugabekeria eta ulertezintasun pilaketa bat izan da azken egunetan Bruselaren aldetik jaso duguna, baina baita Espainiako administrazioaren aldetik jasotakoa ere. Ez digute behar bezala informazioa helarazi, denbora tarterik gabe utzi gaituzte alternatibak pentsatu ahal izateko”.
Lau astez luzatuko da debekua, zehazki, otsailaren 20ra arte eta Ortizek dioenez, pasaden astera arte ez zuten erabakiaren berri izan. “Pasaden astera arte ez genekien Espainiako Gobernuak arrantza debekatzearen erabakia hartuko zuenik, are gutxiago, zenbateko laguntza jasoko genuen itxitzearen ondorioz”. Frantziak ezarri nahi zuen debekuari buruzko bileretan izurdeak uxatzen dituen sistema ezarrita dituzten ontziak salbuetsita geratuko zirela aipatzen zen. “Frantziaren proposamenean jasota zegoen izurdeak akustikoki uxatzen dituen uretako disuasio gailuak eta behatzaile zientifikoak ontzian eramaten dituzten ontziak debekutik salbuetsita geratuko zirela, hortaz, bat batean harrapatu gaitu erabakiak”.
Horrez gain, debekuak dakartzan galera ekonomikoez aritu da. “Ez dira kontuan hartu orain arte eman ditugun argudioak, izan ere, Europako arrantzaren helburuak ingurumen iraunkortasunaz gain, helburu sozioekonomiko eta laboralak dira, eta horiek ez dira kontuan hartu”. 120.000 kilo arrain gutxiago harrapatuko dituztela zehaztu du eta langile asko eta asko etxean geratuko direla.
Ekonomikoki eragin handia izango duela argudiatu du, bai langile, armadore eta arrain erosleentzat ere. “Armadoreei animoak kentzen dizkie aktibitatearen aurrean, arrantzaren sektorearen etorkizunean beste hodei beltz bat izango delarik”. Horrez gain, arrainaren prezioan eragin zuzena izango du, eskaintza gutxiago dagoenean, prezioek, nahitaez, gorantz egiten baitute. “Guk enkante bidez egiten dugu salmenta, hortaz, ez gara gu prezioak ezartzen dituztenak, erosleak dira. Baina logikoa da ohi baino 30.000 kilo gutxiago sartzen badira astean, prezioek gorantz egingo dute nahitaez”.
Frantziak erabakia lau urtez aplikatuko duela zehaztu du, baina Espainiaren kasuan, 2024 urterako soilik aplikatu du, gaur gaurkoz. “Frantziak hurrengo hiru urteetarako ezarri du debekua, baina Espainiaren kasuan oraindik ez da luzatzeko erabakirik hartu. Zientifikoki itsasontzietan daramagun teknologia eraginkorra dela argudiatzea baita intentzioa”.