Markina-Xemeingo bertsio gaua martxoaren 9an izango da
Markina-Xemeingo Txosna Batzordeak antolatzen du ekimena; izen ematea zabalik dago.
Markina-Xemeingo Txosna Batzordea osatzen duten herriko eragile guztien artean bertsio gaua antolatu dute aurtengoan ere. Martxoaren 9an Akerbetz Gaztetxeko oholtzara igoko dira herriko hainbat musikari. Azaldu dutenez, beti bezala talde edo bakarlari bat bertsionatu beharko da, antzeztuz. Horretarako, bi edo hiru abesti prestatu beharko du talde bakoitzak; entseguak egiteko Akerbeltz Gaztetxea jarri dute eskuragarri.
Antolatzaileek azaldu dute bertsio gauak arrakasta edukitzen duela urtero: “Normalean sei talde inguruk parte hartzen dute. Aurten idatzi digute batzuk parte hartzeko instrumentuak jotzen ikasiko dutela esanez”. Orain arte gehienbat gazteak apuntatu izan diren arren, herritar denei parte hartzeko deia luzatu diete: “Animatu parte hartzera. Bertsio gauean giro berezi bat sortzen da. Denok bertakoak edo ingurukoak garenez, oso dibertigarria da ze gu gara jotzen ari garenak, ez da kanpotik datorren talde bat. Jendeari asko gustatzen zaio hori”.
Izena emateko epea zabalik dago; parte hartu nahi dutenek mxtxosnabatzordea@gmail.com helbidera idatzi beharko dute.