"Oso interesgarria" izan da galegoari eta Sementeko ikastetxeei buruzko saioa
Barikuan [urtarrilak 19] Lekeitioko Azkue Aretoan elkartu ziren herritarrak eta galiziarrak: Sementeko ikastetxeei buruzko dokumentala ikusteaz gain, regueifa saioa eskaini zuten sei gaztek.
Pasaden barikuan [urtarrilak 19] euskaldunek eta galiziarrek bat egin zuten Lekeitioko Azkue Aretoan. Galiziako Semente eskolei buruzko dokumentala ikusi eta Regueifa Tourreko gazteen kantu inprobisatuak entzuteaz gain, bertako errealitateari buruzko informazioa jaso zuten lekeitiarrek. 50 lagunetik gora elkartu ziren ekitaldian, eta antolatzaileak pozik geratu dira jasotako erantzunagaz.
Alde batetik Galizian galiziera mantentzeko sortu den ikastetxe sareari buruz aritu ziren ekitaldian, Sementeri buruz, hain zuzen ere. Eurek aldarrikatzen dutenari buruzko informazioa jaso zuten: “Administrazioko eskola publikoetan gazteleraz aritzen dira galiziako umeak. Askotan galizieraz bakarrik berba egiten duten umeak sartzen dira eskola horietan, eta DBHra heltzerako guztiz erdaldunduta edo gaztelera hutsean aritzen dira euren artean. Galiziera bigarren mailan geratzen ari dela ikusi dute”. Hari horri tiraka, 2014an sortu zuten lehenengo ikastetxea Pontevedran, eta pixkanaka, Galizia guztian sortu dituzte.
Horrekin batera, regueifa berreskuratu eta gazteen artean txertatzeko iniziatiba bikoitza sortu zuten: “Bai Sementeko ikastetxeetan eta baita bestelakoetan ere, regueifa edo bertsozaletasun hori bultzatzeko saltoa eman zuten”. Duela urte batzuk 60 urtetik gorako hamalau pertsona soilik aritzen ziren horretan, eta azken hamar urteetan, “indar handia” hartu duela azaldu zuten ekitaldian.
Beraz, konbinazio bikoitz horri helduz Lekeition eman zioten hasiera Regueifa Tour ekimenari. Sementeri buruzko dokumentala ikusteaz gain, 10 et 14 urte bitarteko sei neska aritu ziren regueifak abesten: “Oso interesgarria izan zen saio guztia. Regueifa saioa berezia izan zen. Gai jartzailerik gabe aritzen dira, publikoak egiten du lan hori. Barre mordoa egin genuen, eta egia esan, sekulako ekarpena izan zen”.
Antolatzaileak pozik agertu dira ekimenak izan zuen harreragaz: “Asistentzia aldetik ez da erraza horrelako ekintzetara jendea etortzea, eta 50 lagun inguru elkartu ginen. Ez genuen espero eta oso pozik geratu ginen”. Lekeitioko saioaren ostean, zapatuan [urtarrilak 20] Derion eta atzo [urtarrilak 21] Donostian eskaini zuten saioa.