Andrak erramutan proiektua indartsu dago
Proiektu feministak 37 emakumek osatutako taldea eratu du. Entrenamenduetan buru belarri sartuta, udako itsas erronka prestatzen ari dira.

45 urtetik gorako emakumeek arraunean ikasi eta udan itsasoratzeko aukera eskaintzen zuen Andrak erramutan proiektu feminista martxan jarri zuten irailean; lau hilabete geroago 37 emakumek osatutako talde eratua dute, entrenamenduetan murgilduta daude eta proiektua eskatzen duen konpromiso maila bermatzen duen atxikimenduagaz. “Martxan gaude eta konpromiso gogorra dugu proiektuarekin”.
Proiektuak erronka finko bat du: udan itsasoratzea. Helburua finkatuta, martxan hasita daude eta astean hiru entrenamendu egiten dituzte. Abendura arte Ondarroako Arraun Elkartearen putzuan egin dituzte arrauna ikasteko barneko entrenamenduak, eta urte hasieragaz batera, itsasora atera dira entrenamenduak egitera. “Barruan ikasitakoa praktikan jartzeko unea ailegatu zitzaigun”.
Itsasoarekin lehenengo harremana Mutrikun izan zuten, Mutriku Arraun Elkarteak eskura jarritako txalupa batean atera ziren. Bigarren entrenamendua, ostera, herrian bertan egin zuten zapatuan. “Gure traineruarekin eta gure herrian itsasoratzea hunkigarria izan zen. Entrenamenduan buru belarri geunden denok, estreinakoz ateratzen ginelako, eta polita izan zen”.
Entrenamenduak egiteaz gain, udako itsas erronka prestatzen ari dira eta proiektua aurrera eramateko laguntza jasotzen ari direla nabarmendu dute, hala nola, Ondarroa Arraun Elkartearen laguntza. “Beraien azpiegiturarik gabe ez genuke proiektua aurrera ateratzeko aukerarik izango”. Bestalde, udalaren laguntza nabarmendu dute, Etxelilak hasieratik babestu baitzuen proiektu feminista. Gainera prestakuntza fisikoari dagokionez, Arantza Burgoak gidatzen duen Aringaingan taldean parte hartzen dute. “Benetan eskertzekoa da jasotzen dugun laguntza guztia, oso pozik gaude”. Herriko laguntzaz gain, Mutriku Arraun Taldearen babesa ere azpimarratu dute.