Energia komunitate bat sortzeko bidea hasi dute Lekeition
Azkue Ikastola eta Goiener elkarlanean dabiltza ikastolako teilatuan eguzki plakak instalatzeko asmoz. Gaur gaurkoz ikastolako proiektua den arren, Lekeitioko Udalarekin elkarlanean herri osora zabaldu nahiko lukete proiektua.
Lekeitioko Azkue Ikastola eta Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatiba elkarlanean dabiltza ikastolako teilatuan eguzki plakak instalatzeko asmoz. Gaur gaurkoz proiektua ikastolako familiei bideratuta dagoen arren, etorkizunean Lekeition energia komunitate bat sortzea dela azaldu dute Ibon Goitia Azkue Ikastolako zuzendariak eta Xabier Loiarte Goienerreko langileak.
Pasaden eguenean [urtarrilak 18] egin zuten lehenengo bilera, eta Goitiak azaldu duenez 69 familiak parte hartu zuten, autokontsumo kolektibo baten inguruan kontsumitzaileen elkarte bat sortzeko: “Energia berriztagarrietarako, eta kasu honetan, plaka fotovoltaikoak jartzeko gainazala behar da. Askotan komunitateetan arazoak egoten dira honelako lanak aurrera ateratzeko, eta hori oztopoa zela ikusita ikastolako teilatua 69 familia horiei uztea erabaki da”.
Honi esker, plaka horiek momentuan sortzen duten energia kontsumitzeaz gain, soberakinak bakoitzaren fakturan konpentsatu eta aurrezpena edukiko lukete familiek. Gainera, Goitiak azpimarratu du ehun arbolak garbituko luketen kutsaduraren besteko eragina edukiko lukeela instalazio honen erabilerak.
“Aurreikusten dugu hasierako familia gehienek aurrera egitea eta instalazioaren parte izatea”
Loiartek azaldu du Azkue Ikastolak Goienerrek bideratzen dituen instalazio fotovoltaiko baten parte izan nahi zuela, baina bide hori “apur bat” mugatuta zegoenez, euren instalazio propioa egiteko aukera aztertzen hasi zirela: “Egin genuena izan zen euren beharrak planteatu eta instalazio handiagoa egiteko proposatu, ikastolako kide diren familiei ere bertatik autokontsumitzeko aukera emateko”.
Ikastolako kooperatibista guztiei galdetegi bat bidali, eta 75 familia ingururen erantzuna jaso zuten: “Horietatik 69k eman ziguten beharrezko informazio guztia eta ikertu egin genuen bakoitzaren aurrezpena zenbatekoa izango zen instalazio fotovoltaiko horietatik autokontsumituz gero”. Familiengandik jasotako erantzuna “oso ona” izan zela esan dute: “Aurreikusten dugu hasierako familia gehienek aurrera egitea eta instalazioaren parte izatea”.
“Helburua da udalarekin elkarlanean eta ikastolan egiten ari garena eredutzat hartuz Lekeition energia komunitate bat sortzea
Hurrengo pausoa. Loiartek azaldu du hurrengo pausoa instalazio horietatik elikatuko diren familiak zenbat izango diren jakitea dela, eta horren ostean diru laguntzak eskatzeko bidea hasiko dute. Xehetasun guztiekin memoria idatzi eta diru laguntzak eskatu ostean, instalatzaileen aurrekontuak jasoko lituzkete, eta azaldu dutenez asmoa 2024ko udan instalazioarekin hastea da.
Guztientzako. Horrez gain, bai Goitiak eta baita Loiartek ere nabarmendu dute asmoa proiektua oraingoz Azkue Ikastolan martxan jartzea den arren, aurrera begira Lekeition ere Energia Berriztagarrien Komunitate Energetiko bat sortzeko lehenengo pausoa izango litzatekeela: “Helburua da udalarekin elkarlanean eta ikastolan egiten ari garena eredutzat hartuz Lekeition energia komunitate bat sortzea, beste hainbat tokitan ere instalazioak jarriz eta lekeitiar guztiei horrelako aukera bat emanez”.