Markina-Xemeingo Udala Udalbitzara batu da
Pasaden zapatuan [urtarrialk 20] batu zen Udalbiltzara, Bergaran egindako Batzar Nagusian. Udalak hainbat arlo landu nahi ditu Udalbiltzaren laguntza eta aholkularitzagaz.
Udalbiltzak Batzar Nagusia egin zuen pasaden zapatuan [urtarrilak 20] Bergaran, eta bertan izan ziren Markina-Xemeingo udal ordezkariak ere: Markina-Xemeingo Udalarekin batera, Dima, Berrobi, Larraun, Izurtza, Mendaro eta Plentziako Udalak ere Udalbiltzako kide izatera igaro dira. Batzar Nagusiaren ostean berriz, Udalbiltzaren 25. urteurrena ospatzeko tartea ere eduki zuten, kultur ekitaldi batekin.
Naziogintza oinarri hartuta lan egiten dute Udalbiltzako kideek, beste erakunde batzuk heltzen ez diren arloetara heltzeko helburuagaz, burujabetza eta elkarlana sustatuz, udaletatik proiektu eraldatzaileak landuz eta gauzak egiteko beste era bat indartuz. Mari Eli Ituarte Markina-Xemeingo euskara eta kultura zinegotzia eta herritartasun batzordeko burua izango da Udalbiltzako udal ordezkaria. Ituartek azaldu duenez udalak Udalbiltzaren “filosofia osoarekin” bat egiten du: “Gainera, erakunde bakarra da Euskal Herria bere osotasunean hartzen duena, banaketarik egin gabe: zazpi lurraldeak batera hartzen ditu Euskal Herri kontzeptu horretan”.
Udalbiltzara batzeak hainbat puntutan eragingo die herritarrei, baina, Ituartek lau puntu nabarmendu nahi izan ditu, denak ala denak herritarren onurarako izango diren puntuak: herri jasangarria, herri zaintzailea eta hezitzailea, memoria duen herri euskaldun eta anitza eta udal antolamendu parte hartzaile, publiko eta komunitarioa izatea.
Jasangarritasuna. Herri jasangarria izateari dagokionez Ituartek azpimarratu du eurentzat oso garrantzitsua dela puntu honetan landuko duten guztia: “Guk, EH Bildu moduan gure egitarau politikoan hauteskundeen aurretik trantsizio ekosoziala lantzeko nahia sartu genuen, eta horrek hainbat kontu barnebiltzen ditu. Alde batetik, energia burujabetza. Horretan lan handia egin du Udalbiltzak. Laguntza izugarria izango dugu, esaterako, energia komunitateen sareak osatzeko, proiektu desberdinak ezagutzeko… Asmoa geneukan hau lantzen hasteko; hemendik aurrera buru-belarri hasiko gara lanean”.
Honekin batera, elikadura eredua ere landu nahi dutela adierazi du Ituartek: “Elikadura kilometro 0, elikadura burujabetza, sukalde komunitarioak… Beste udalerri batzuetan jarri dute martxan, Gipuzkoan batik bat. Eredu horiek ezagutzeko eta proiektu horiek behar duten lanketa ezagutzeko aukera emango digu Udalbiltzak. Oraindik honetan ez gara horrenbeste sartu, baina garrantzitsua dela uste dugu”.
Herri hezitzailea. Ituartek azpimarratu du herri zaintzailea eta hezitzailea izatea ere oso garrantzitsua dela eurentzat. Hasi dute jada horretarako bidea, OinHerri proiektuan sartzea erabaki zutelako pasaden azaroan: “Herriko jende mordoa etorri zen aurkezpen publikoa egin genuenean, oso gogotsu hartu zen herrian. OinHerri kooperatibaren laguntza edukiko dugu hori diseinatzeko, baina, aldi berean, Udalbiltzak ere badauka bere lan lerroen artean eta alde horretatik ere laguntza jasoko dugu, aholkularitza, esaterako”.
Mari Eli Ituarte: “Antolamenduak publikoa izan behar du zati batean eta baita komunitarioa ere, eta guk herriko talde eta eragileekin batera egin nahi dugu hori”.
Zaintza komunitarioaren eredua lantzea ere euren lan ildo nagusien artean dagoela adierazi du Ituartek. Horretarako, Udalbiltzagaz batera zaintzari buruzko diagnostiko bat egitea izango da lehenengo pausoa: “Gure kasuan herrian nahiz eskualdean ze zaintza eredu dagoen jakin behar dugu, ze premia dagoen, ze eskari, ze eskaintza… Izan ere, esakaria handiago da momentu honetan eskaintza baino”. Xehetasunez zehazteko puntu asko daudela esan du Ituartek: “Herri zaintzailea nahi dugu, baina, nola egiten da hori? Horren inguruan hausnartu egin behar da, hausnartu behar da nola jarri erdigunean zaintza behar duten pertsonak. Eurak dira protagonistak zorionez edo zoritxarrez, baina zer esana izango dute. Honetan jada hasita gaude lanean, baina, hori guztia definitu behar da lanean jarraitzeko”.
Geuretik Sortuak. Bi aldiz baino egin ez den arren, Ituartek azpimarratu du oso arrakastatsua izan zela lehenengoa; bigarrenaren emaitzak orain ikusten hasi direla esan du: “Pasaden barikuan Aulestin estreinatu zen Eukalyptus antzezlana, eta proiektu honen barruan egin da, Geuretik Sortuak proiektuaren barruan”. Lea bailarakoek parte hartu dute proiektuaren bigarren aldi honetan, eta udalaren asmoa, “oztopo handirik ez badago”, hurrengo aldian proiektuan parte hartzea da.
Udal antolaketa. Azkenik, Udalbiltzaren eredua udal antolamendu parte hartzaile, publiko eta komunitarioa egitea dela azaldu du Ituartek, eta eredu horrekin ere bat egiten dutela azpimarratu du: “Antolamenduak publikoa izan behar du zati batean eta baita komunitarioa ere, eta guk herriko talde eta eragileekin batera egin nahi dugu hori”.