Irakurle talde feminista sortu dute Lekeition
Otsailaren 27an egingo dute lehenengo saioa, Uxue Alberdi idazleagaz. Horren ostean, beste lau saio egingo dituzte, hilero bana. Taldera batzeko izen ematea zabalik dago.
Lekeitioko Udalak irakurle talde feminista sortu du, Ane Labaka Mayoz idazle eta bertsolariaren gidaritzapean. Udaleko ordezkariek azaldu dute proposamena Labakaren eskutik heldu zitzaiela: “Esan zigun nola beste herri batzuetan ere nahi izan duten irakurle talde feminista bultzatu, eta berak ekarri zigun proposamena landuta”.
Proposamena Labakaren eskutik heldu bazen ere, udalean pozik hartu zuten irakurzaletasuna eta feminismoa uztartu ahal izateko ekimena: “Pila bat poztu ginen proposamen hau heldu zitzaigunean. Uste dugu interesgarria dela emakumeok hausnartzeko bidea izan daitekeelako, ahalduntzeko. Horrez gain, mugimendu feministatik haratzago ikuspuntu feminista zabaltzeko aukera izan daiteke irakurzaletasunaren bitartez”.
Bost saio izango dira guztira, 18:30etik 20:00etara Andraetxean. Antolatzaileek nabarmendu dute Andraetxearen eta udalaren arteko zubia eraikitzeko aukera ona izan daitekeela: “Pentsatzen dugu kalea, erakundeak eta herriko mugimenduen arteko zubia eraikitzeko aukera ona dela”. Irakurle talde feminista estreinatzeko Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburua landuko dute, otsailaren 27an; Alberdi ere bertan egongo da. Bi saiotatik behin, gainera, liburuaren idazleak ere parte hartuko du.
- Otsailak 27. Dendaostekoak, Uxue Alberdirekin.
- Martxoak 19. King Kong teoria (Virginie Despentes).
- Apirilak 16. Moio. Gordetzea ezinezkoa zen, Kattalin Minerrekin.
- Maiatzak 14. Hamahiru ipuin (Luisa Carnes).
- Ekainak 11. Amek ez dute, Katixa Agirrerekin.
Helburua irakurle talde egonkorra sortzea den arren, izena emateko aukera zabalik egongo da saio guztietarako: “Beti egongo da aukera nahi denean agertu edo ez agertzeko, baina helburua talde egonkor bat sortzea izango da, hausnartzeko gune bat eta lanketa bat egiteko gunea izatea nahi dugulako. Talde egonkor hori orain sortu nahi dugun arren, gero ere zabalik egongo da izena eman nahi duenarentzat”. Izen ematea kultur etxean edo lekeitioberdintasuna@gmail.com helbidera idatziz egin daiteke.
Aberasgarria. Antolatzaileek hausnartzeko eta ikuspuntu feminista barneratzeko helburuagaz antolatu dituzte saioak: “Horrez gain, norbere hezkuntza aldetik ere aberasgarria da ikuspuntu hori barneratzea”. Gaineratu dute emakumeen artean sareak egiteko bidea ere izan daitekeela: “Batzuetan mugimendu horietan sartuta daudenak soilik joaten dira horrelako ekintzetara, baina hau izan daiteke espazio bat mugimendutik kanpora irakurzaletasuna duenak parte hartzeko eta gure artean sareak zabaltzeko. Giro polita sortuko dela uste dugu eta jendea etortzera animatzen dugu, ez bakarrik ikasteko, baizik eta baita gure artean saretzeko ere”.