Mutriku turista zein dirudunentzat helmuga bilakatu nahi dutela salatu dute
'Gutxi batzun interesan kontra antolatu!' lelopean asanblada irekia deitu dute bihar [urtarrilak 26], 18:00etan, Gaztetxean.
Mutriku turisten parke eta dirudunen bigarren erresidentzia bilakatu nahi dutela salatu dute Mutrikuko Gazte Asanbladatik eta Gutxi batzun interesan kontra antolatu! asanblada irekia antolatu dute bihar [urtarrilak 26], 18:00etan, Gaztetxean. “Mutriku turista zein dirudunentzat erakargarria izango den helmuga bilakatu nahi dute eta zentzu horretan kokatu behar dira azken boladako mugimenduak”.
Azken urteetako joeraren abiapuntu Mutrikuko dikeko obrak ipini dituzte eta bertan behera geratu diren horretan, datozen urteetan dikearen inguruetan gertatu daitekeenari adi egon beharra aipatu dute: “Orain dela bi hilabete jakin genuen Eusko Jaurlaritzak FCC enpresari egotzitako lana ez da aurrera eramango. Baina obrak gelditzeak ez digu etorkizunerako inongo bermerik ematen”.
Dikearen obrak, komunikabide ezberdinek herriari emandako presentzia eta eraikuntza proiektu berriak “testuinguruan kokatu beharra” aldarrikatu dute: “Gaur gaurkoz jada nabarmenak dira enpresari handiak, instituzioen laguntzarekin, Mutrikun dituzten planen adierazpenak: Mutriku turisten parke eta dirudunen bigarren erresidentzia gisa erabiltzea”.
Esaterako, luxuzko etxebizitzen eraikuntza proiektuak herrian sortuko duen aparkaleku galerak aipatu dituzte. “Denon ongizatearen izenean egin arren, gutxi batzuk bakarrik aterako dute etekina. Besteak beste, batzuei miloika euroko irabaziak emango dizkion etxebizitza horretako proiektu batek 60 aparkaleku kendu ditu herrian”.
Egoerak gazteei zuzenean eragiten diela azpimarratu dute: “Gehiengoak gero eta zailtasun gehiago izango dituzte herrian bizitza egiteko, eta bereziki, egoera kaskarren uzten gaitu gazteoi”. Mutrikuko gazteek herrian bizitzeko “oztopo handiak” dituztela adierazi dute: “Ez daukagu ordaindu gabeko aisialdirako ia aukerarik, kontrol soziala areagotzen ari da, emantzipatzeko aukerak geroz eta murriztuagoak dira, lan baldintzak okertzen ari dira”. Hortaz, egoeraren aurrean “datorrenari aurre egin” behar dela, eta “hori soilik gure interesen alde antolatua da posible”.