Lekeitioko Musikaiak 10. urteurreneko ospakizunekin goi-goitik jarraitzen du
Gaur [urtarrilak 27] musika eskolak konboen kontzertua eskaini du, Ikusgarri zinema aretoan.
Hamar urtek askotarako ematen dute, eta Lekeitioko Musikaia musika eskola goi-goitik ospatzen ari da bere 10. urteurrena. 2023-2024 ikasturteko hilabete bakoitzean ekintza nagusi bat antolatu dute urteurrena ospatzeko. Gaur [urtarrilak 27] konboen kontzertua eskaini dute Ikusgarri zinema aretoan.
Asko izan dira bertaratu diren herritarrak, sarrera erdi baino gehiago izan da aretoan. Denek ala denek txaloz agurtu dituzte musikariak. Estilo desberdineko taldeak igo dira oholtzara; rock, jazz, txistu, kamara eta folk bandak, besteak beste. Baina ez dira bakarrik egon, aurtengo musika eskolaren helburu nagusietako bat herriko bestelako musika eta kultur eragileekin elkarlana sustatzea zen, eta horregatik gaurkoan, Burrundada Rock Elkarteko Nabil taldeak jo du.
Urteurreneko hurrengo ekintza otsailaren 4an egingo dute, Santa Ageda bezperan, eskolako abesbatzak koplak abestuko ditu kalerik kale. Ondoren, martxoko ekintza “bereziena” izango da. Martxoaren 8a emakumeen eguna izanik, emakumea eta musika mahai ingurua antolatu dute martxoaren 1ean 17:00etan, musika eskolako areto nagusian.