100 landare sartu dituzte Artzainerreka inguruan
Aranzadi Zientzia Elkartearen gidaritzapean eta auzolana oinarri, bertoko espezieak landatu zituzten zapatuan[ urtarrilak 27].
Aranzadi Zientzia Elkarteak Mutrikuko Udalarekin batera auzolanean bertoko espezieak landatzeko hitzordua jarri zuten zapatuan [urtarrilak 27]. Hamar pertsonako taldea osatu zuten eta elkarlana oinarri “lan ederra” egin zuten.
Mutrikuko ondarea berreskuratzeko bidean pausoz pauso urratsak ematen ari dira Artzainerreka inguruan, eta zapatukoa bideko beste hitzordu bat izan zen. Taldeak goizean egindako lanaren emaitza “ederra” izan zen, zehazki, 100 landare sartu zituzten.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Yoana Garciaren gidaritzapean egindako saioaren balorazio positiboa egin dute, parte hartzea, giroa eta lanerako grinak ez baitziren falta: “10 pertsona inguruk parte hartu zuten. Lan ederra egin zuten, erritmo onean eta umore ezin hobeaz, denon artean ia 100 landare sartu genituen, hariztikoak zein artadikoak”. Eguraldi ona lagun izan zuten, eta behin lanak burututa, zapatuko eguna borobiltzeko hamaiketakoan bildu ziren parte hartzaileak.