Etorkizunaren harrobitik minerala ateraz
Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolak Munitibarko eta inguruko umeei zuzendutako zesta-punta jardunaldiak egin ditu domekan [urtarrilak 28], bertako udal pilotalekuan.
Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolak Munitibarko haurrei zuzendutako zesta-punta jardunaldia egin zuen domekan [urtarrilak 28], herri horretan. Ekimenaren jomuga nagusiak kirol horrekiko zaletasuna umeengan sustatzea eta, era berean, zesta-puntan aritzeko azpiegiturarik ez duten udalerrietan horiek lortzeko lehen urratsak egitea izan dira. Herritarrek bikain erantzun diote Jon Bullet Zabala puntista profesional markina-xemeindarra eta zesta-punta eskolak lankideak buru dituen taldearen egitasmoari: 50 ume inguru elkartu ziren Munitibarko udal pilotalekuan. Markina-xemeindarrak edota munitibartarrak ez ezik, inguruko beste hainbat herritako pilotari gaztetxoak eta euren gurasoak ere bertaratzera animatu ziren; tartean egon ziren antolatzaileek espreski gonbidatutako ume zestazale bolibartarrak, “bertan zaletasun itzela daukatela erakutsi baitute”.
Frontoian multzoka antolatuta, lehenengo, zesta-puntaren oinarrizko kontzeptuak egoki finkatu zituzten eta, jarraian, zenbait kiniela jokatu. Behin pilota saioak amaituta, hurreratutako guztiak herriko plazan kokatutako karpan bildu ziren; bertan, solasaldia eta jan-edana nabarmendu ziren. 14:00ak inguruan eman zioten amaiera kirola eta aisialdia uztartu zituen proposamenari.
Munitibarko emaitza “ederraren” ondoren, antolatzaileek irakurketa “borobila” egin dute eta, gainera, interesa agertzen duten beste udalerri batzuetan errepikatzeko asmoz agertu dira. “Etxebarriko lehen esperientziaren eta Munitibarren egin dugun konfirmazioaren ondoren, argi geratu da zesta-puntak baduela jarraipena, baduela harrobia, eta harrobi hori jagon beharra dagoela. Antolatzaile legez, pareko zerbait egitea interesatuko litzaieken udalei gonbita luzatzen diegu. Zesta-eskolagaz harremanetan jarri, eta adostuko dugu egunen bat; gustura joango gara deitzen gaituzten tokietara”.