Lekeitioko etxebizitzen egoera "jasanezina" dela salatu du Lekeitioko Udalak
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak gune tentsionatuen zerrenda argitaratu du eta Lekeitio zerrendatik kanpo geratu da. Udalak neurriak hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Pasaden abenduan aurkeztu zuen Etxebizitzaren Euskal Behatokiak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko tentsio eremuei buruzko txostena. Gune tentsionatu izateko baldintzak azaltzeaz gain, baldintza horiek betetzen zituzten herriak ere zerrendatu zituzten; Lekeitioko Udalaren “harridurarako” Lekeitio ez da zerrenda horretan agertzen.
Hori dela eta, udalak Eusko Jaurlaritzako Sailburuordetzari eskatu dio Lekeitioko diagnostikoa egiteko erabilitako datu zehatzak jakinaraztea eta datu horiek jasotzeko oinarritzat hartu zituzten adierazleak zehaztasunez azaltzea: “Etxebizitzaren egoera jasanezina dela eta neurriak hartzeko eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari”.
Hartutako erabakiaren aurrean desadostasuna erakutsi du udalak: “Gune tentsionatuak izendatzerakoan beste irizpide batzuk ere aintzat hartu beharko lituzkete. Esaterako, herrian urte osoko alokairura bideratutako etxerik ba ote dagoen, zenbat jende dagoen etxebizitza bat alokatzeko itxaron zerrendan…”.
Udalak adierazi du kezkaz bizi duela Lekeitioko etxebizitzaren egoera: “Gazteek ez dute herrian etxebizitza bat alokatzeko edo erosteko aukerarik, eta herritik kanpora bizitzera joaten dira edo ez dira emantzipatzen berandura arte”. Izan ere, herriko etxebizitzen ia erdiak bigarren etxebizitzak dira, eta urte erdia baino gehiago hutsik daude: “Gero eta gehiago dira etxebizitza turistiko bilakatzen ari diren etxeak, batzuk legea beteta eta beste asko legez kanpo… Esan bezala, egoera oso kezkagarria da eta argi dugu neurriak hartu behar direla lehenbailehen”.
Udala Eusko Jaurlaritzari egindako eskaeraren erantzunaren zain dagoen arren, jakinarazi dutenez datuak “ondo aztertu” eta etxebizitzaren gaian esku hartzeko dituen aukerak aztertzen jarraituko dute.