Andraetxeko bazkideek barikuan egingo dute lehenengo alkargunea
Urteko helburuak finkatu eta funtzionamendua zehaztuko dute. Horrez gain, Andraetxearen izena ere erabakiko dute.
Lekeitioko Andraetxeak bazkideen lehenengo alkargunea egingo du barikuan 18:00etan. Zelan ez, Andraetxean jarri dute hitzordua: “Gaur egun 66 bazkide gara. Bazkideentzako bilera izango da barikukoa”.
Azaldu dutenez bariku honetako elkargunearen helburua bazkide guztien artean urteko helburuak finkatzea izango da, eta baita euren funtzionamendua zehaztea ere: “Esaterako, astezkenetan txanda bidez zabaltzen dugu Andraetxea, eta eguaztenak zelan antolatu erabaki beharko dugu. Horrez gain, baita gainontzeko guztia nola antolatuko dugun ere, zelan komunikatuko garen, ekintzak zelan antolatuko ditugun… Apur bat guzti hori”.
Urteko helburuak eta antolaketa erabakitzeagaz batera, Andraetxearen izena ere bertan erabakiko dute: “Ujika prozesuan Andraetxean izena apur bat ezbaian jarri zen, emakumeen kontzeptu oso itxiarekin lotzen zela eta. Beraz, izena ere bertan erabakiko dugu bozketa baten bitartez”.
Bazkide ekonomikoak. Azaldu dutenez bazkide ekonomiko izatearena oraindik ez dute zehaztu eta horri ere helduko diote barikuan: “Emakume asko daude Andraetxean parte hartu nahi dutena baina agian ez daudenak prest Andraetxean txandak egiteko, eta beraz, bazkide egin nahi dutenak baina ez txanda bidez baizik eta kuota baten bidez. Hori guztia nola antolatu ere barikuko elkargunean erabakiko dugu”.