Eguzki: "Allerin daukagun altxorra berreskuratu egin behar dugu"
Berreskurapen plana martxan jarri behar dela azpimarratu du erakunde ekologistak. "Ez da orain premiazko gai bat dela, jada berandu gabiltza".
Hezeguneen Munduko Eguna da etzi [otsailak 2], eta Eguzki Erakunde Ekologistak Ondarroako Alleriko padurara bideratu du begirada, ekosistema horrek duen balio potentziala mahai gaineratu eta berreskuratzearen garrantzia azpimarratuz: “Allerin daukagun altxorra berreskuratu egin behar dugu, naturak irabazten badu gizakiak irabazten duelako”.
Klima aldaketari aurre egiteako uholdeak saihesteko baliabide eta karbono depositu garrantzitsua izateaz gain, landare, anfibio eta hegaztien biodibertsitateren kabia da Alleri. Europa mailan Babes Bereziko Eremu izendatuta dagoen eremuak hamaika egiteko ditu. “Ez gara ohartzen Alleriko padurak duen egiteko garrantzitsuaz”.
Itsas paduren garrantziaz jabetuta, Europa mailan azterketak eta aurreikuspenak egiten ari dira, batez ere aldaketa klimatikoaren ondorioen aurreko defentsa direlako. “Alleriko hezegunea gure aliaturik onena da, uholdeak saihesteko aukera ematen duelako. Prezipitazio handiak mantentzen ditu, ibaian behera uholdeak saihesten ditu, ura lurrean biltegiratzen du eta uraren abiadura murrizten du”.
Euskal Herrian dauden hamabi itsas paduren artean dago Alleri, baina bere birsortze ahalmena gutxituz doa azalera txikitzen doan heinean. Erakunde Ekologistak urteak daramatza buru-belarri berreskurapen plana aurrera eramateko urratsak ematen, eta egiteko dagoen guztia egiten bada ere, argi daukate berandu izango dela: “Ez da orain premiazko gai bat dela, jada berandu gabiltza. Egin, egingo da, egin beharko baita, baina lehenbailehen heldu behar zaio etekin handiagoa ateratzeko. Esan bezala, berandu goazelako”.
Hortaz, instituzioei inplikatzeko eskaera egiten diete ekologistek, beste behin ere. “Instituzioen aldetik babesa behar dugu, premiazko egitekoa da, eta babesa goitik jaso behar dugu. Alboan bizi dugun Urdaibaiko egoera ikusita, mesfidantza daukagu”.
2012an 480 etxebizitza eraikitzeko proiektua gelditzea lortu zuten, eta orain, berreskurapen plana da babesa ematen hasteko ardatza. “Berreskurapen plana eginda dago, baina eguneratu beharra dauka, hau ez baita gaur hasi dugun proiektu bat. Hortaz, planari heldu behar zaio”. Berreskurapen planak hedadura handitzea eta zuhaitzak landatzea ditu ardatz.