Lekitto Bedarrak adinekoen lagunkoitasun saria jasoko du barikuan
Adinekoentzako Lagunkoitasun Jardunbide Egokien saria jaso dute, eta etzi [otsailak 2] egingo dute sari banaketa ekitaldia 17:00etan. Taldeak "oso pozik" eta "harrotasun handiagaz" jaso du saria.
Lekitto Bedarra taldeak irabazi du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak banatzen duen Adinekoentzako Lagunkoitasun Jardunbide Egokien saria, eta etzi [otsailak 2] egingo dute sari banaketa ekitaldia 17:00etan Lekeitioko Udaleko Batzar Aretoan.
Lekeitiar taldeak, nola ez, gonbidapena luzatu die ibilbidean lagundu dieten guztiei: “Elikagai Bankuari, Dominikar monei, Bihotz Zabal elkarteari, Lagunkoi Lekeitio taldeari, asteroko boluntario eta auzolaneko kideei, antolatzen dituzten ikastaro, hitzaldi eta deialdi guztietara etortzen direnei, babesleei, udalari, eta zer esanik ez, herri guztiari. Nahiz eta saria Lekitto Bedarrari eman uste dugu herri guztia dela saridun, eta aipatutako horiek guztiak barik taldeak ezin izango luke aurrera atera bere jardunaldiak eta izaera”.
“Oso pozik” eta “harrotasun handiagaz” hartu dute saria Lekitto Bedarra taldekoek: “Gehien bat ikusita aurkeztutako talde eta instituzioek zer nolako ospea eta izen handia duten”. Izan ere, lekeitiarrekin batera aurkeztu ziren Gurutze Gorria, Zumarragako Udala, Gasteizko Udala, Hartu Emanak IV. film labur lehiaketa eta Alday Fundazioa.
Aho batez sarituak. Adinekoentzako ingurune lagunkoiak sortzeko berrikuntzagatik eta eraginkortasunagatik nabarmentzen diren talde edo erakundeak jendaurrean aitortzea da sarien helburua, eta epaimahaikideek azaldu dutenez, aho batez erabaki zuten saria Lekitto Bedarra taldeak aurkeztutako “Lagunak egiten ortuan” proiektuari ematea sartia: “Izan ere, jendeak bat egin eta gustura sentitzeko gune bat sortzea du helburu proiektuak, bakarrik sentitzen direnak beste pertsona batzuekin elkartu daitezen eta guztiek parte hartzea sustatuz bizitza hobetu ahal izan dezaten”.
Epaimahaikideek azaldu dutenez praktika hori da, aurkeztutako guztien artean, Euskadi Lagunkoia Sustraietatik programaren azken helburuari ondoen erantzuten diona: “Hau da, adinekoen eta, oro har, herritarren parte hartzea sustatzea, Euskadiko udalerrietan auzoak eta inguruneak hobetzeko, pertsona guztiek beren bizitza egiten jarrai dezaten zahartu ahala”. Azpimarratu dutenez “Lagunak egiten ortuan” izaera komunitarioa duen eta lagunkoitasuna sustatzen duen proiektu sinplea da, hainbat alderdi bultzatuz, besteak beste: “Herritar guztien parte hartzea biztanleria profil desberdinak kontuan hartuz, bakardade ez hautatuaren aurkako ekimenak sustatuz, belaunaldien arteko harremanak eta elkarrizketak sortuz eta auzolan espiritua bultzatuz”.