Naiara Perezek irabazi du Lekeitioko aratusteetako kartel lehiaketa
'Koloreak arrantzatzen' izeneko kartelagaz 200 euroko saria irabazi du.
Naiara Perez Barrenetxea ondarrutarrak irabazi du Lekeitioko aratusteetako kartel lehiaketa Koloreak arranzatzen izeneko kartelagaz. Lekeitioko Udalak adierazi du epaileen aldetik puntuaziorik altuena jaso duela Perezen lanak; 200 euroko saria lortu du ondarrutarrak.
Irabaztea espero ez bazuen ere, pozik hartu du saria: “Egia esan, ez nuen espero irabaztea. Epe muga hurbiltzen ari zen, eta arratsalde batean hartu nuen kartela aurkezteko erabakia, ea zer gertatzen zen ikusteko. Ez neukan esperantza handirik”.
Bestelako lehiaketetan parte hartu izan duen arren, lehenengo aldia izan da kartel lehiaketa batera aurkeztu dena, eta azaldu duenez, hasieran ez zen erraza izan kartela egitea: “Begira egon nintzen beste urte eta herri batzuetako inauterietako kartelak, eta kostako herrietakoan arraina sartzen zuten askok. Nik ez nuen arraina beste barik sartu nahi, beste buelta bat eman nahi nion”.
Horregatik, Lekeitio kostako herria izanda eta baldintzetan eskatzen zutena betetzeagaz batera, itsasoarekin, arrantzarekin eta inauteriekin lotu du kartela: “Pailazo bat dago goian eta bere sudurra arrantzatzen ari da. Behean, berriz, arrainak daude, bat, esaterako, piraten partxeagaz. Bai ur kanpoan eta baita barruan ere mozorrotuta daudela erakutsi nahi izan dut”.