Neguko hotzaren aurrean, kantua eta ospakizuna
Kandelario, Blas Deuna eta Agate Deuna jaiak ospatuko dituzte Mutrikun eta Lea-Artibaiko udalerrietan. Koplen errondak, kalejirak eta bestelako ekimenak ageri dira eskualdeetako egitarauetan.
Tradizioa, ondarea eta herritarren arteko elkarlana uztartzen dituzte Blas Deunaren, Agate Deunaren eta Kandelario jaiek. Urteroko usadioei jarraituz, eske koplak abestuko dituzte han eta hemen baina, horrez gain, denetariko egitasmoz osatutako ospakizun egitarauak egongo dira aukeran.
Amoroton, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko egungo bertsolaririk puntakoenetako batzuk elkartuko dira zapatuan [otsailak 3], Blas Deunaren jaietako bertso afarian. Aissa Intxausti lekeitiarra, Garazi Navarro amorotarra eta Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarra ariko dira hitzordua bertsoz aberasten. Lekeition, Musikaiak hamargarren urteurrena ospatzeko prestatu duen seigarren ekimena egingo dute domekan [otsailak 4], Agate Deunaren jaiak ardatz hartuta.
Musikaiako kide Oihana Etxabek azaldu du kalez kale kantuz ibiliko direla, Kilin Kala abesbatzagaz eta herriko musikari taldeko trikitilariekin; gainera, Lekeitioko Poto Eskolako kideak gonbidatu dituzte, musika bertsoz janzteko asmoz. Ondorengo ibilbidea egingo dutela aurreratu dute: Musikaia musika eskolatik aterako dira; Arranegira eta San Andres auzora joko dute; Ikusgarri zinemako plazatik eta Eskolapetik pasatuko dira; azkenik, Nautikan amaituko dute.
Ispasterren, eske koplen errondetatik jasotako diruak hartzaile bi edukiko ditu: Gurutze Gorriak eta Daria Farsia elkarteak jasoko dute. Aulestin, beste urte batez, jubilatuen eta pentsiodunen elkarteko kideak urtero egin ohi duten bileran elkartuko dira eta, ostean, talde bazkaria egingo dute.