Zabaldu dute emakume sortzaile eta ekintzaileen VII. azokan izena emateko epea
Martxoaren 17an egingo dute azoka. Parte hartu nahi dutenek otsailaren 16a baino lehen eman beharko dute izena.
Badator zazpigarrenez Lekeitioko Udalak eta Lea Artibai Fundazioak elkarlanean antolatzen duten Lekeitio eta inguruko emakume sortzaile eta ekintzaileen azoka, “emakumeek egiten duten lana ikusarazi eta honi presentzia eta indarra” emateko helburuagaz.
Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo hitzordua martxoaren 17an jarri dute, 11:30etik 14:30era, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Azokan parte hartu nahi dutenek, ordea, aldez aurretik eman beharko dute izena; otsailaren 16a izango da horretarako azken eguna.
Iaz izena emateko bi aukera eman zituzten arren, aurtengoan lekeitioberdintasuna@gmail.com helbidera idatziz aurkeztu beharko dira eskabideak. Guztira hamabi saltoki egongo dira, eta azaldu dutenez, “irabazi asmorik gabeko emakume sortzaile edota ekintzaileek parte hartzeko aukera izan dezaten gune bat eskainiko da”. Gune hori bete ezean, gainerako eskatzaileen artean banatuko dutela azaldu dute.
Izena emateko hainbat baldintza bete beharko dituzte eskatzaileek. Partehartzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izago du, eta nola ez, eskatzailea 18 urtekoa edo 18 urtetik gorako emakumea izan beharko da. Bestalde, jarduera ekonomikoetan alta emanda egon beharko da eta norberaren sorkuntza eta ekintzailetzaren ondorio diren produktuak eskaini beharko dituzte.
Eskuratutako puntuen arabera puntu gehien lortu dituzten hamabi eskatzaileak aukeratuko dituzte, eta beste bost erreserbarako geratuko dira, “azken momentuko egoera batengatik aukeratuak izan direnen bat ordezteko”. 0tik 5era bitarteko puntuak banatuko dituzte: lekeitiarra bada 5 puntu eskuratuko ditu, Lea-Artibai eskualdekoa bada, 4, bizkaitarra bada, 3, Euskal Herrikoa bada, 2 eta beste jatorriren batekoa bada puntu bat. Horrez gain, jarduera berritzaileek ere 0tik 5erako puntuazioa jaso ahal izango dute. Azkenik, eskatzaileak arreta euskaraz emateko gaitasuna baldin badu euskara maila egokiagaz, 5 puntu eskuratuko ditu, eta baita jardunak egoitza Lekeition badu ere.
Epez kanpo aurkezten diren eskabideak ez dituzte onartuko, hala ere, salbuespen modura, deialdiko epe ofiziala amaitzean zehazturiko saltokien kopurua baino eskabide gutxiago jasoko balituzte soilik onartuko lituzkete epea gainditu ostean aurkeztutako eskabideak. Informazio gehiago eta oinarri guztiak udalaren web orrialdean argitaratu dituzte.