Belaunaldien arteko zubiak
Herritarren arteko harremanak sustatu, loturak eraiki, elkarrekin bizi eta hezi. Zubi Zahar Herri Ikastolaren eta Eguneko Zentroaren arteko harremana loratuz doa.
Zubi Gazte egitasmoa Ondarroako Eguneko Zentroaren eta Zubi Zahar Herri Ikastolaren arteko belaunaldi arteko proiektuak bizitzaren ziklo ezberdinetan dauden pertsonen arteko harremanak sustatzea du ardatz. Ikastolaren balioetako bat solidarioa eta enpatikoa izatea izanik, pertsonen arteko loturak finkatuz eta belaunaldien arteko integrazio soziala eta afektiboa garatuz, aurreiritziak eta estereotipoak ezabatu nahi dira.
Kultura eta sormena ardatz hartuta, belaunaldi arteko harremanak errotu eta elkar laguntza sustatzen dute, belaunaldi ezberdinetako herritarren arteko loturak loratzen dituzte, herri bizi eta hezi bat sortzeko bidea zubiak eraikiz egiten baita. Hala, ezagutzak, gaitasunak eta balioak elkar trukatzen hasi ziren abenduan. Udazkeneko hostoak margotzen hasi ziren elkarrekin egindako lehen ekimenean, eta ekainera bitartean, ikastetxeko ikasleen eta zentroko kideen arteko topaketak egingo dira, horrela, egun bereziak elkarrekin elkarbanatzeko eta lantzeko aukerak eraiki eta egunerokotasunaren parte izatera ailegatzeko.
Lehenengo topaketan ikasleek jasotako hostoak eraman zituzten Eguneko Zentrora, eta lehen harremanak sortzeko bide bilakatu ziren hostoak. Elkarren ondoan jarri eta ikasleen laguntzarekin koloreztatu eta apaingarriak jarri zizkieten egoiliarrek. Ostean, danborradarako xehetasunak prestatzen ibili ziren: txapelak neurrira egin, margotu, makilak eskuan hartu eta danborrak astindu zituzten, doinuari jarraituz.
Orain, otsaileko hitzordua gainean dute: Inauterietarako prestaketa. Ikastolatik koloretako margoak eta maskaren ereduak inprimatuta eramango dituzte, denen artean ereduak koloreztatu, apaingarri ezberdinak itsatsi, bakoitzaren buruaren neurrira egokitu eta goma batekin lotzeko. Ondoren, bakoitzak apaindutako maskara jantzita, taldeko argazkia aterako dute. Horrela, sormena landuz, oroimena, arreta eta kontzentrazioa hobetzea bilatuko dute.
Ikasleek eta zentroko kideek ekimenak egingo dituzte ekainera bitartean
Birgogoratzeko unea. Entretenitzeko eremuak sortu eta Eguneko Zentroaren egunerokotasunarekin apurtzen hasi dira, eta martxotik ekainera bitartean, lau hitzordu gehiago zehaztu dituzte, hala nola, mahai jokoetan aritzeko, bizipenak elkarbanatzeko, kantutegia sortzeko eta ikasturte amaierako jaialdian ikasturteari amaiera emateko.
Hilabeteetan sortutako harremanak ospakizun festa batekin borobiltzeko unea izango da, eta rolak trukatzekoa, Eguneko Zentrokoak izango baitira ikastolara joango direnak. Ikasleak gidari bilakatuko dira, eta barrutik erakutsiko dizkiete ikastolako txokoak. Ikasturtean igarotako uneak argazki bidez birgogoratzeko aukera ere izango dute, gozamenerako tarte izanik. Amaieran, kantutegia abesteko uneari helduko diote; elkarrekin kantuan egin eta jai giroari eutsiz, hamaiketakoarekin gozotuko dute eguna.

