Lekitto Bedarrak herriari eskaini dio jaso duen adinekoen lagunkoitasun saria
Gaur [otsailak 2] sari banaketa ekitaldia egin dute Lekeitoko osoko bilkura aretoan. Ander Aldazabal alkateak taldeak herrian egiten duen ekarpena nabarmendu du.
Auzolana, ilusioa, lagunkoitasuna. Hitz horien bueltan lanean aritzen diren lekeitiarrak batu dira gaur [otsailak 2] arratsaldean Lekeitioko osoko bilkura aretoan. Lekitto Bedarra taldeko kideak izan dira protagonista, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak banatzen duen Adinekoentzako Lagunkoitasun Jardunbide Egokien saria jaso baitute.
Bertan egon dira Ander Aldazabal Lekeitioko alkatea, udaleko ordezkariak eta Marian Olabarria Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria, eta baita Lekitto Bedarra taldeak gonbidatutako hainbat talde ere, tartean Lagunkoi Lekeitio taldea eta Bihotz Zabal elkartea.
Ekitaldiagaz hasteko Aldazabalek hartu du hitza: “Zorionak ematea baino ez daukagu. Badakigu zenbat kostatzen den horrelako sari bat lortzea, eta are gehiago egon den mailarekin”. Zoriontzeagaz batera, taldeak egiten duen ekarpena nabarmendu nahi izan du: “Taldeak egiten duen ekarpena sekulakoa da. Bereziki azpimarratu nahi dut auzolanean egindako lana: hori da gure nortasuna eta hori da lortu behar duguna. Gu ere horretan gabiltza udaletxean. Auzolanean dabilen herria aberatsago, osasuntsuago eta arduratsuago da. Besterik barik, zorionak”.
Aldazabalen zorion hitzetatik, Olabarrietaren hitzetara. Lekitto Bedarrak egiten duen lana goraipatu du: “Badakigu lan hau oso garrantzitsua dela. Argi dago funtzionatzen duen proiektu bat daukazuela esku artean, eta ikusten da zer nolako ilusioa daukazuen”. Eurentzat “harrotasuna” direla azpimarratu du zuzendariak: “Pertsona nagusiak aktiboak zarete, eta oso zati garrantzitsua zarete gure lan helburuetan. Oraindik egiteko eta esateko asko daukazuen pertsonak zarete, eta Eusko Jaurlaritzatik horretan laguntzen jarraituko dugu”.
Herriari eskerrak. Sari banaketagaz amaitzeko, eguneko protagonistetako batek hartu du hitza, Julian Arrate Lekitto Bedarrako kideak, hain zuzen ere. Arratek argi esan du beste behin ere sari hau eurek irabazi duten arren denena dela eta horregatik nahi izan dutela eragile guztiak bertan egotea: “Aurrean jarrita ditut aurten eragile modura ekarpen asko egin dituzten pertsonetako batzuk. Esaterako Lami proiektua egiten ibili gara, eta proiektu horretan bidelagun izan ditugu Bizkaia Garako boluntarioak”. Hori horrela, Maria Gutierrezi eta Minerva Leoni, eta eskualdeko jubilatuen elkarteko presidente eta Lagunkoi Bizkaiako zuzendaritzako kide den Maite Zabalari ohorezko zapia eman nahi izan diete taldekoek, egindako lanagatik. Horrez gain, Anton Onaindiari ere eskerrak eman dizkiete: “Hainbat ekintza egiten lagundu digu, ikastaroak eman ditu eta berak mantentzen du berreskuratu genuen parkea ere, beraz, eskerrik asko”.
Aurrera begira. Herritik sortutako taldeak saria herriari eskaintzeaz batera amaitu du ekitaldia, baina, bidea ez zaie hemen amaitzen. Arratek esan duenez, euren helburua beti izan da auzolanean aritzea, baina, orain duten erronka nagusia “hasierako espiritua berreskuratzea” da: “Jendea taldera batzea behar dugu, oraintxe sartu dira bizpahiru neska, baina, erronka oraindik handia da. Sariek ospea eta bultzadatxoa ematen digute, baina, guretzako onena izango litzateke jende berria etorri eta taldeak aurrera jarraitzea. Beraz, erronka asteroko batzerrei eutsi, eta antolatzen ditugun ekintzak antolatzen jarraitzea da”.