Ohitura zaharrei helduz belaunaldi berriak ere eskean irten dira Mutrikun eta Berriatuan
Goizean goiz hasi dute eguna gaur [otsailak 3] Mutrikun eta Berriatuan, santa eskean aritzeko.
Makila heldu, eztarria berotu. Ieup! Santa Ageda bezpera dugu, Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua duguna. Goizean goiz eguraldia hotz egon den arren, elkarren ondoan egotearen berotasunak eta koplak abesteko gogoak bero ditu mutikuar nahiz berriatuarrak. Belaunaldien arteko transmisioa eginda, ilusioa eta elkarri laguntzeko gogoa elkartuta ekin diete egunari ume, gazte nahiz nagusiek.
Mutrikuarrak goizean goiz elkartu dira. Minutu bat bera ere ez galtzeko, eta 09:00etan guztiak gaztetxe inguruan elkartuta Goiko Plazarako bideari ekin diete. Koplari, trikitilari, pandero jotzaile, boltsero… Denak izan dira garrantzitsu eta denek eduki dute zeregina egun berezi honetan. Goiko Plazara heltzeagaz batera eta ohitura den moduan udaleko ordezkariei abestu diete herritarrek.
Ostean elizako atarian urteroko argazki erraldoia atera dute. Lau taldetan banatuta ekin diete egunari. Lehenengo taldean Iñigo Arrizabala eta Malen Aldalur ari dira koplari, herriko kaleetan zehar. Bigarren taldean, berriz, Angel Mari Peñagarikano eta Peru Vidal dabiltza, Olatz eta Ibiri bailaretan. Hirugarren taldea Astigarrabia, Olabarrieta eta Laranga bailaretan dabiltza, Alex Idoeta eta Orlando Arreitunandiagaz. Laugarren taldea goizean Galdua bailaran ibili ostean, arratsaldean Mijoan ariko da, Iñaki Apalategi eta Xabier Astigarraga koplariekin.
Azken urteetan egin bezala, Mutrikuko Santa Eskean batutako dirua herriko elkarte edo talde batentzat bideratzen dute: “Aurtengoan Samikollako jai batzordea etorri da laguntza eske, eta batzen den zakuaren erdia eurentzat izango da; beste erdia bertso eskolaren beharrak finantzatzeko erabiliko da”.
Berriatuan ere makilei gogor heldu, eta 10:00etan elkartu dira herritarrak. 30 herritarretik gora elkartu dira eskola aurrean, eta nor baino nor egunari ekiteko gogo gehiagogaz, auzoz auzo santa eskeari ekin diete, bi taldetan banatuta. Lehenengo taldea Milloi auzora joan da, eta bigarrena, berriz, herriko baserrietatik aritu da. Koplari lanetan Joseba Goienola, Iñigo Gogenola, Julen Sololuze, Maren Basterretxea eta Imanol Aldazabal aritu dira.
Goizeko errondaren ostean bazkaltzeko gosez elkartu dira. Eguna, baina, ez zaie bazkalostean amaituko, arratsaldean herrian zehar abestu behar baitute. Arratsaldeko errondagaz amaitu ostean, umeek txokolatada eder bategaz gozateko aukera edukiko dute, eta gazte nahiz nagusiak berriro ere afaritarako elkartuko dira, Goizalde elkartean.
Eskualdea, kantuan. Aulestikoaz eta Mutrikukoaz gain, eskualdeko ia herri guztietan ospatuko dute Santa Ageda bezpera bihar [otsailak 4]. Goiztiarrenak ziortza-bolibartarrak izango dira: 09:00etan elkartuko dira herritarrak plazan. Ispasterren 10:00etan, Etxebarrian, Mendexan eta Munitibarren 11:00etan, Amoroton eta Markina-Xemeinen 11:30ean eta Ondarroan 12:00etan ekingo diete errondei. Lekeition berriz, arratsaldean egingo dituzte ekintzak: Zaletxuak elkarteko kideek, Musikaiako eta Poto bertso eskolako kideek eta presoen aldeko taldeak girotuko dute domeka arratsaldea.