Otsailaren 18ra arte izena eman daiteke Bizkaiko Taldekako bertso txapelketan
Bizkaiko Taldekakoak laugarren edizioa izango du aurten, eta zabaldu dute horretan parte hartzeko izena ematea.
Bizkaiko Taldekako bertso txapelketaren laugarren aldia egingo dute aurten, eta taldeek otsailaren 18ra arteko epea dute izena emateko.
Taldeak gutxienez sei lagunek osatu beharko dituzte, eta hurrengo betebeharrak izango dituzte: hiru bertsolari, gai jartzaile bat eta azpiegitura edo komunikazioko kide bat. “Hala ere, gutxienez zortzi parte hartzaile izatea gomendatzen dugu”, azaldu dute arduradunek.
Azaldu dute Taldekakoaren egitura izena ematen duen talde kopuruaren araberakoa izango dela, eta martxoaren 12an jakinaraziko dutela, horretarako sortutako webgune berezi baten bidez. Dena dela, kanporaketak martxoaren 15 eta maiatzaren 4ra artean jokatuko dia, eta finalaurrekoak eta finala, berriz, maiatzaren 25ean izango dira, Eskolarteko finalagaz batera.
Bizkaiko Taldekakoa “giro ez formalean” eta “jai giroan” gauzatzen da, eta bere helburu nagusia da bertsoaren ekosistema indartzea. Izan ere, oinarrian eragin gura du, bertso eskolak eta eskualdeak indartu. “Elkarteak ere, plaza ez formalak sortu gura ditu, besteak beste, bertsolari hasi berriei plazarako bidea errazteko asmoz”, gogoratu dute antolatzaileek.