33 postu egongo dira Markina-Xemeingo Landare Azokan
Zapatuan [otsailak 10] egingo dute azoka. Horrez gain, Hemen Be Bai merkatari elkartearen Merkatu Txikia eta Jakoba Errekondoren hitzaldia ere egongo dira.
Urtero legez, badator Markina-Xemeingo Udalak eta Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkarteak elkarlanean antolatzen duten Landare Azoka. Zapatuan [otsailak 10] 10:00etatik 14:30era jarri dute hitzordua antolatzaileek, eta lore, landare, bertoko ekoizleen produktuak eta artisau produktuak eskuratzeko aukera egongo da bertan.
Antolatzaileek azaldu dute helburua, ohi bezala, landa eremuari eta lehen sektoreko ekoizleei bultzada ematea. Aurten, gainera, Lea-Artibai Amankomunazgoak ere parte hartuko du azokan: “Azokan bertan, hondakin organikoa birziklatzeko kitak banatuko dira orain arte txartela ez duten herritarren artean. Horrez gain, konposta jasotzeko aukera ere egongo da”.
Zelaia gainezka, herritar guztien gustuetarako postuak jarriko dituzte zapatuan. Hain zuzen ere, 33 izango dira egongo diren postuak. Landare mintegiei dagokien zazpi postu egongo dira: “Besteak beste, zuhaitzak, landareak, loreak eta frutalak eskainiko dituzte”. Bertoko produktuen postuei dagokionez, berriz, hamasei ekoizle egongo dira: “Ogiak, gozoak, gaztak, mermeladak, ahatekiak, txerrikiak, txakolina, sagardoa, ardoa, pasta ekologikoa eta eztia jarriko dituzte salgai”. Horrez gain, artisau produktuen hamar postu ere egongo dira.
Merkatu txikia. Landare Azokarekin batera, 09:00etatik 15:00era Hemen Be Bai merkatari elkarteak Merkatu Txikia egingo du. Outlet feria izango da, eta euren postuak ere Zelaian egongo dira; euria eginez gero, aldiz, Plazabarripean jarriko dituzte postuak.
Hori guztia gutxi ez, eta Jakoba Errekondo agronomo eta landare gaietan adituak hitzaldia esakiniko du azokaren osagarri moduran. Hitzaldia eman eta herritarren zalantzak argituko ditu Errekondok 11:00etatik aurrera udaletxeko osoko bilkura aretoan.