Areto berritua du Aulestiko Udalak
Berrikuntza nagusiak agertokian, soinuan, argiztapenean eta bideoan egin dira herrian ekintza ezberdinak egiteko erraztasunak emateko asmoz.
Erabilera anitzeko gune bilakatzeko asmoz, Aulestiko Udalak aretoan berrikuntzak egin ditu; udal aretoko ekipamendua berritu eta profesionalizatu du, herriko elkarteei zein herritarrei ekintza desberdinak antolatzerako orduan erraztasunak emango dizkien gune bilakatuz.
Irati Urberuaga Aranguena Aulestiko alkateak adierazi duenez, aretoa herritarrei eta eragileei gune egoki bat eskaintzeko helburuagaz berritu da: “Udal aretoak formatu zehatz batzuk baino ez zituen onartzen, eta erabilera anitzekoa bihurtzeko eta herritarrei eta eragileei edozein ikus entzunezko, batzar eta abar antolatzeko erraztasunak emango dizkion lokala bihurtzeko helburuz, aldaketa batzuk egin ditugu”.
Berrikuntza nagusiak agertokian, soinuan, argiztapenean eta bideoan egin dira: “Edozein herritarrek modu errazean erabiltzeko moduan programatu dira”. Argiztapena guztiz berritu dute, foku guztiak led erakoak jarri dituzte eta horietako batzuk mugimendurako aukera ere ematen dute, egingo diren emanaldiei dinamikotasuna emateko aukera eskainiz. “Argiztapena modu sinplean programatuta dago, erabiltzaileek fokua, kolorea eta intentsitatea modu errazean, pantaila baten bidez, aldatzeko moduan”.
Agertokia, ostera, tela beltzez jantzi dute kutxa beltza sortuz. “Bi oin ditu agertokiak; izan ere, antzerki emanaldietan eszena bitarteko lanak egiteko oso garrantzitsua baita espazio hori izatea antzerkigileek”. Ikus entzunezkoen proiekzioak egiteko aukera eskaintzeko asmoz, pantaila eta proiektorea ere ipini dituzte. “Horrela, edozeinek bere ordenagailua konektatu eta proiektatu ahal izango du. Modu horretara, gainera, herriko eragileek hala behar dutenean proiekzioak modu errazean egiteko aukera izango dute”.
Azkenik, soinuari dagokionez, bozgorailuak lurretik kendu eta eskegi egin dituzte, arriskuak ekiditeko asmoz, eta soinu mahaia tableta batekin kontrolatzen da, aplikazio erraz batekin. “Horri esker, publikoan ez da aulkirik kendu beharko soinu-mahaia jartzeko. Emanaldi konplexuago bat dagoenean, soinu-mahaia publikora atera ahalko da, teknikariei lana erraztuz”.
Aretoaren berrikuntza proiektuko lanak egitearen ardura Altxatune Kooperatibak eduki du eta 34.353 euroko aurrekontua izan du. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren 22.729 euroko dirulaguntza jaso dute.