Conchita erraldoia aurkeztuko dute zapatuan Markina-Xemeinen
Eguraldi ona eginez gero 12:30ean egingo dute aurkezpena, Uhagonetik kalejiran abiatuta. Horrez gain, emakume erraketisten inguruko hitzaldia eta erakusketa ere egongo dira.
Itxaronaldi luze baten ostean, Markina-Xemeingo erraldoiak hiru izatetik lau izatera pasako dira zapatuan [otsailak 10]. Bi baserritarrek eta Elorrio zestalariak osatzen dute gaur egun Markina-Xemeingo erraldoien familia, eta zapatuan Conchita ere bertara batuko da.
12:30ean jarri dute hitzordua, Uhagonen. Bertatik, erraldoiek, dultzaineroek eta XATen mozorro tailerrean parte hartu duten umeek kalejira egingo dute, Conchita Bustinduiren etxeraino: “Han aurreskua dantzatuko dio bere erraldoiak Conchitari, eta omenaldi bat ere egingo diogu”. Horren ostean Landare Azoka girotzeko asmoa zuten arren, eguraldiaren araberakoa izango da erraldoien kalejira: “Eguraldi txarrarekin ezin dira erraldoiak atera, eta beraz, dultzainero eta mozorro tailerreko umeek egingo dute kalejira, erraldoirik gabe. Hala ere, ziurrenik erraldoia udaletxean jarriko dugu, jendeak ikus dezan. Bihar [otsailak 9] arratsaldean hartuko dugu azken erabakia”.
Markina-Xemeingo Udalak azaldu duenez, argi zuten laugarren erraldoia emakumea izan behar zela, eta ez edozein emakume: emakume erraketista, hain zuzen ere. Hori horrela, Bustinduirengan pentsatu zuten, bera baita Markina-Xemeingo lehenengotariko emakume erraketistetako bat. 14 urte inguru zituenetik jokatzen zuen erraketan Bustinduik, garai haietan ohikoa izan ez arren: “Gurasoek, gainera, ez zieten oztoporik jartzen jokatzeko, eta hori nabarmentzekoa da: emakumezko bat pilotaren mundu oso maskulino horretan sartuta egotea. 1927an jaio zen bera, baina ez Markina-Xemeinen, Berriatuan baizik. Ermuan eta Bartzelonan bizi ostean, Mexikora joan zen, eta han Fermin Mugerza ezagutu zuen, Markina-Xemeingo zestalari oso ospetsu bat. Horren ostean betidanik bizi izan dira Markina-Xemeinen, eta horregatik berak bere burua markina-xemeindartzat du”.
Hori horrela, Markina-Xemeingo lehenengoetariko emakume erraketista da Bustindui, eta merezitako aitortza emateko asmoz jarri diote Conchita izena erraldoiari: “Pilotaren munduarekin harremanetan egon da beti. Abenduaren 2an 96 urte bete zituen, eta pentsatu genuen nahiz eta bera Markina-Xeminen jaioa ez izan erraldoiak Conchita izena eduki behar zuela, eta ez bakarrik izena: Mikel Ibarzabal bergararrak egin du erraldoia, eta aurpegia Conchita gaztea zeneko argazkiekin egin du. Benetan lortu du itxura edukitzea, detailera eginda dago. Oso oso ederra da”.
Hitzaldia eta erakusketa. Aurkezpena zapatuan [otsailak 10] egingo duten arren, bihar ekingo diete ekintzei. 19:00etan emakume erraketistei buruzko hitzaldia egongo da. Raquetistas: Gloria, represion y olvido de las pelotaris profesionales liburuaren inguruan ariko dira, udaletxeko osoko bilkura aretoan: “Badaude liburu gehiago emakume erraketistei buruz, baina, hau da euskal erraketistei buruz atera den azkena. Oso liburu ederra da, argazki askorekin”. Olatz Gonzalez Abrisketa idazlea ere bertan egongo da eta berak gaztelaniaz hitz egingo duen arren, udalak nabarmendu nahi izan du galderak euskaraz egiteko aukera egongo dela.
Egitaraua osatzeko zapatuan [otsailak 10] Emakumea eta euskal pilota erakusketa ere egongo da Uni frontoian: “Bizkaiko Foru Aldundiaren erakusketa berezi bat da, emakumea eta euskal pilotari buruz. Berez argazki denak ez dira erraketistenak, baina aukeraketa egin dugu aproposenak jartzeko. Datorren aste guztian ere ikusgai egongo da frontoia zabalik dagoen orduetan”.