Herri baten historia, ontziratuta
1958an Ondarroan eraikitako Nuevo Antxustegi, Bizkaian kontserbatzen den tamaina handiko baxurako ontzi zaharrenaren inguruko erakusketa ikusgai dago.
Ondarea galdu ezin den altxorra da. Herri baten historia, izaera eta izatea definitzen dituena. Horren erakusle, apirilaren 7ra arte Bilboko Itsasmuseumean ikusi daiteke Ondarroako Antxustegi ontziaren historia biltzen duen erakusketa. Carol Iglesias Espazioan dago ikusgai Nuevo Antxustegi, Gure Señoriti. “Itsasontzi paregabe bati, haren historiari, testuinguruari eta euskal itsas ondare gisa murgilduta dagoen zaharberritze zientifikoaren prozesuari buruzko erakusketa da”.
1958an Ondarroako Arriola ontziolan eraikia, “garai bateko eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako baxura arrantza tradizionalaren garapenean funtsezko tipologiaren ordezkaririk zaharrena da”. Erakusketak hainbat gai lantzen ditu, Ondarroa herria, ontziaren oinarrizko portua eta bere historia tartean. “Baita arrantza motei erantzuna emateko egindako egokitzapenak eta Itsasmuseumi dohaitzan eman eta bildumako pieza berri bat izatera pasatu zeneko bizitza berria ere”.
Nuevo Antxustegi proiektuaren logotipoa aurkeztu zuten Bilbon, Xabier Laka Antxustegi EHUko Arte Ederretako fakultateko irakasle, eskultore eta Antxustegi familiako kideak diseinatutakoa. “Honen helburua da Itsasmuseumeko logotipoa –itsas eremuko fabrikagaz eta merkataritzagaz duen lotura islatzen du– osatzea itsas artisautzagaz eta arrantzagaz. Nuevo Antxustegi hauen adierazgarri nabaria da”.
Testuinguruan sakonduz. Juan Antonio Apraiz da erakusketako komisarioa, eta erakusketak ontziaren istorioa jasotzeaz gain, memoria immaterialean, lekukotasun bizietan, eraikitzean eta arrantza jarduten den testuinguruan ere sakondu nahi izan du, hau da, Ondarroan eta Antxustegi-Badiola familiaren historian, “bizipenei, tradizioei eta pertsonei dagokien alorra ere barneratu eta berreskuratzeko helburuagaz. Nuevo Antxustegi, Gure Señoritik itsasontziaz hitz egiten du, Antxustegi-Badiola familiaz, Juan Antxustegi eta Dominika Badiola erreferentetzat hartuta, eta Ondarroako portua du hondoko oihaltzat. Azken batean, herri baten sustrai kulturalen isla da, lehen mailako identitate elementua”.