Gazte Koordinadora Sozialistak ‘Emantzipatzeko ezintasuna borrokatu' dinamika jarri du martxan
Instituzioek erakusten duten “pasibotasuna eta ezintasuna” salatu dute. Asanblada irekiak egingo dituzte datozen egunetan zenbait herritan.
Gazteek gero eta zailtasun gehiago dituzte emantzipatzeko, eta Lea-Artibaiko Gazte Koordinadora Sozialistak dio eskualdeko herriak eta Mutriku ez daudela “guztiz salbu”. Hain zuzen ere, “gero eta agerikoagoa eta larriagoa” den arazo bat dela salatu dute. Gazten langileen bizi eta lan baldintzak okertzen ari direla diote: “Eskualdeko herrietan geroz eta zailagoa da gazte langileok emantzipatzea: alokairu garesti eta urriak, etxebizitzen prezio altuak, eraikitzen diren luxuzko eraikinetara sarbide eza…”.
Egoera hori salatzeko GKSk Emantzipatzeko ezintasuna borrokatu dinamika sortu du. Arazoaren berri emateko eta horren aurrean antolatzeko asanblada irekiak egingo dituzte datozen egunetan eskualdeko hainbat herritan:
- Barikua [otsailak 16], 19:00etan, Ondarroako Guzur Etxean.
- Zapatua [otsailak 17], 12:00etan, Mutrikuko Gaztetxean.
- Zapatua [otsailak 17], 18:00etan, Lekeitioko Gaztetxean.
GKSk salatu du zenbait enpresariren interesa zonaldea dela kostaldea eta instituzioek bultzatuta “hainbat turistifikazio plan” daudela martxan. Horregatik, gazteentzat herrietan bizitzea “gero eta zailagoa” bihurtzen ari da: “Prezioen gorakadarekin, lan baldintzen okertzearekin, aisialdiaren pribatizazioarekin, kontrol sozialaren gorakadarekin….”. Era berean, emantzipatzeko adina atzeratzen dutela esan dute eta zenbait kasutan inguruko herrietara zein hirietara bizitzera joatea behartuta daudela.
Alde horretatik, instituzioen “pasibotasuna eta ezintasuna” azpimarratu dute. “Emantzipatzeko laguntza bat edo beste egon ahal diren arren, inolaz ere ez diote erantzuten arazo estruktural honi eta aterabide bat izatetik oso urrun daude”.